Astebete urrun igaro ondoan, ez da erraza burua birkokatzen. Handik nabilela hemengoa eta hemen hangoa ahantzi ezinik nabil. Ikusitakoa arrotz, ikasitakoa sailkatu eta ordenatu lanetan aski buruhauste, ordenagailua piztean izan dudan mezu zaparrada dut neke. Hirurehunetik gora. Gehienak ezezagunen gakoek pausatutakoak ireki ere egingo ez ditudanak hanka. Berriemaile andana dabil sarean berea iragartzen, duen almazena arindu ezinik, lau sos nori kenduko ahaleginetan, bilaka. Kotxe saltzaileak nagusi, itolarrian pagotxatan igarri. Orain bi urteko preziotik, ni atzo etxetik bezain urrun. Beti dugu inguru hauetan aski zaiguna bota eta behar ez duguna hartzeko joera, hondar urtetako kirol maitagarri hori praktikatzeko gogoa. Etxeek ere badute arrakasta oraintxe. Atzo zorpetu, egun ezin aurre egin zorrari eta bihar ez etxe eta ez zor, bankua jabe. Saldoka eskaintzen ditu erdi prezioan zenbait. Berriz ere, aberatsenak aberatsago egin daitezen sistema ziklikoa martxan. Krisia deitzen diote. Lagunen eta ezagunen dozena mezuei klik eta gainerakoak ezabatu egin ditut publizitatea postontzitik zakarrontzira bezala, pagotxak gu bezalakoentzat zepoak direla jakitun.