argia.eus
INPRIMATU
Andoaingo gaztetxea: rockaren erakusleku eta nazioarteko undergroundaren enbaxadore
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko maiatzaren 06a
80ko hamarkadan kontzertuak egiten hasi ziren Euskal Herriko hainbat lekutan; eta nabarmenetako bat Andoain izan zen. 1983an egin zituzten lehenak, pilotalekuan, eta Aitor Arregi ”Txisto” musikazalea kontzertuak irudietan jasotzen hasi zen. 1984an, baina, lehenengo gaztetxea okupatu zuten herrian eta Euskal Herri guztiko taldeek bisitatu zuten Andoain: Basura, RIP, Bap!, Cicatriz, Hertzainak, Heriotza, Puñetazo, Eizen, Tijuana In Blue, Tortura Sistematika, Karkaxa, La Polla Records, Familia Iskariote, Anestesia eta beste asko; baita Kataluniako Subterranean Kids, L’odi Social, Antidogmatics eta Aragoiko IV. Reich ere, besteak beste. Guztiz erreferentziala zen gaztetxea musika ekimenari dagokionez, eta Javi Destruyeri esker nazioarteko underground taldeak ere hurbiltzen hasi ziren: Negazione, BGK, Lärm, Jingo De Lunch, Scream –Foo Fighters eta Nirvana taldeetan gerora arituko zen Dave Grohl barne–, Snuff, Toxic Reasons, Blut & Eisen, Frites Modern eta beste asko. Atzerriko punk eta hardcore taldeen artean puntakoak ziren gehienak, eta Destruyek eta Andoaingo Gazte Asanbladakoek –beste leku gutxi batzuetan moduan– erakutsi zuten do it yourself leloa ekintzara eramatea posible zela: inongo aurrekontu, beste munduko azpiegitura gabe, baina ilusio handiarekin. Gerora, etorriko ziren areto komertzialak, baina ilusioz eta ekimenez betetako zuri-beltzezko garaiak ”betiko” gelditu dira izan zenaren lekuko ahaztezin.