argia.eus
INPRIMATU
Sindikatu abertzaleen zatiketa harrigarria
Juan Mari Arregi 2009ko maiatzaren 10
Azken urteetan Maiatzaren Leheneko ospakizuna sindikatuen zatiketek markatu izan dute. Aldarrikapen berak izanik ere, bakoitzak bere manifestazioak eta errebindikazio festak antolatzen zituen. Ez zen hain arraroa eta harrigarria, zeren zatiketa horrek, gure herriko sindikatuen eguneroko jarduera adierazten zuen nolabait. Zatiketak ez zien soilik sindikatu abertzale eta estatalistei eragiten, abertzale eta estatalista orori baizik. Maiatzaren Lehenaren aurretik Laneko Osasun eta Segurtasunaren Eguna ospatu zen. Ba, lan istripuak salatzeko eta lan baldintza hobeak aldarrikatzeko egun hura ere sindikatuen zatiketa erabatekoarekin igaro zen. Sindikatu bakoitzak bere manifestazio, kontzentrazio edota mitina antolatu zuen. Azken urteetan, kasu honetan ere, sindikatuen zatiketa izan da protagonista. Beraz, hemen ere ez da arraroa ezta harrigarria ere jarrera hori.

Arraroa eta harrigarria da ordea, aurten gertatutakoa, batez ere sindikatu abertzaleen artean. Sindikalgintza abertzalea (ELA, LAB, ESK, STEE EILAS, HIRU, EHNE) batu egin da gauza larria bezain zaila den greba orokorra deitzeko, hilaren 21ean, enpleguaren alde eta patronalaren xantaiaren kontra. Mugarri historikoa. Testuinguru horretan, logikoena zen lan istripuen kontrako Nazioarteko Egunean eta Maiatzaren Lehenean bat egitea. CCOO eta UGT elkartuta agertu ziren eta argazki bateratu horren falta nabarmen geratu zen abertzaleen artean. Zer arrazoi dago 21eko greba orokorrera bat eginik joan eta egun batzuk lehenago zatiturik agertzeko? Joan den astean egon ez zen argazki bateratu hori oso onuragarria izango litzateke datorren greba orokorrerako!