argia.eus
INPRIMATU
Nola erabili pontzentajeak zehatza ez den zientzian
Unai Brea @unaibrea2 2009ko maiatzaren 10
Ikusi dugunez, hizkuntzalaritzazkoak ez diren faktoreek zeharo eragin handia dute hizkerak sailkatzeko orduan. Baina horrek ez dio zientziari baliorik ebasten. Hartara, Iñaki Caminok dialekto terminoaren definizio hau eman digu: “Hizkuntza baten erak edo aldakiak, elkarrenganako ulergarri direnak eta isoglosa-sorta zenbaitek mugatzen dituztenak dira dialektoak”.

Ñabardurak berehala datoz. Esaterako, elkar-ulergarritasuna modu askotara irakur daitekeen aldagaia da. “Bateko eta besteko hiztunen arteko elkar-ulergarritasuna baldin badago, berenak dialektoak direla pentsatzea eta elkar-ulermenik ez badago hizkuntzak direla pentsatzea, ez da guztizko erokeria, baina aintzat hartu behar da elkar-ulergarritasuna ez dela trantsitiboa, Ak B uler dezake Bk A ulertu gabe”, azaldu du Caminok. Bestalde, elkar ulertzea ala ez ulertzea hiztunen jarreraren eta prestakuntzaren araberakoa izaten da maiz.

Hizkuntzak dira bata bestetik sistematikoki aldentzen diren hizkerak, eta zenbat eta arau desberdin gehiago, orduan eta “hizkuntzago”. Baina, zenbat erregela izan behar da desberdin, bi hizkera hizkuntza bereizitzat hartzeko? Dialektologo batzuek proposatutako formularen arabera, desberdintasun maila %80 eta %90 artekoa bada, bi hizkuntza ditugu. %50 eta %80ren artekoa denean, berriz, dialektoak. Esan gabe doa hizkuntzalari asko ez datozela bat sistema horrekin.