Duela gutxi euskaltzain oso izendatu dute Xarles Videgain, eta duela gutxiago ipuin liburu bat argitaratu du Elkar argitaletxearen eskutik: Laminosine, 80 ipuin labur da lanaren titulua, eta han hemenka bildu dituen ipuinak biltzen ditu. Batzuk ezagunak dira, Azkuek, Barandiaranek, Vinsonek, Trebitschek eta enparauek bilduak zituzten lehenago; beste batzuk berriz, egileak berak bildu ditu Oztibarren, Urdiñarben, Larrainen eta beste hainbat herritan. Dena dela, egileak argi du horiek liburuan biltzea zubi lana egitea dela: “ez ahantz lehenik haurrek nola adineko jendeek entzunak izateko jin eta jitekoak direla”. Videgainek, gure aitzinekoek utzi jakitatea gure ondorengoek ezagutzeko osatu du bilduma hau.