Innobasque

Berrizkuntza lideratzeko apustua

  • EAEn abian jarri den Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Europan balio ekonomiko eta soziala sortzen lidergoa lortzeko apustu irmoa da. Epe luzean, 2030ean, I+G jardunak BPGaren %5era iristea du xede eta, horretarako, 85.000 milioi euro inbertitzea aurreikusten dute.
Daniel Udalaitz
2009ko maiatzaren 10a
Azken aldian komunikabideek Innobasqueren hainbat daturen eta proiekturen berri eman dute, eta planak gauzatu ahal izateko aurreikusi dituzten inbertsio zenbaki ikaragarriak jakinarazi dituzte. Pedro Luis Maria Uriarte, Carlos Garaikoetxearekin Eusko Jaurlaritzako sailburu izandakoa eta BBVAko presidenteorde ohia da Innobasqueko presidentea, eta Txema Villate zuzendaria.

Zer da?

Innobasque EAEko hiru lurralde historikoen, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan dagoen Berrikuntzaren Euskal Agentzia da. Balio ekonomikoa eta soziala sortzeko berrikuntza teknologikoan EAE Europako erreferente bihurtzea du xede. Helburu horiek 2030 arte betetzeko, 85.000 milioi euro inguru inbertitzea aurreikusten du. 2007an jarri zen abian, Saretek –ordurako 92 kide zituen zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren euskal sarea–, Ezagutzaren Clusterra eta Eurobulegoak –enpresen kudeaketa eta internazionalizazioa hobetzeko proiektuetan lanean ari zena– txertatu zituenean. Ez da erakunde publikoa, instituzioekin elkarlanean eta horien babesaz lan egiten duen erakunde pribatua baizik. Bertan eragile sozial, ekonomiko, enpresarial, sindikal, unibertsitario eta kultural guztiak daude ordezkatuta. Proiektu hau alderdien arteko borrokak kutsa ez dezan eta guztiek, ideologia politikoek eragindako bereizketarik gabe, parteka dezaten, euskal alderdi politikoek ordezkaririk ez izatea bilatu dute, nahita.

Innobasqueko Batzordea 40 pertsonek osatzen dute, eta horien artean ahaldun nagusiak, unibertsitateetako errektoreak, EAEko teknologia zentroetako zuzendariak, Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta enpresa handietako zuzendaritzako kideak daude. Innobasqueren organigraman, ordezkaritza berdintasunez banatzen da eskaintza teknologikoaren (ikerlariak), eskaeraren (enpresak) eta errazle delakoen (administrazioa) artean.

2030ean, berrikuntza teknologikoan aitzindari

Innobasque agentziako arduradunek asmo handiko xedea dute esku artean, abiapuntua kontuan hartuz gero. Hala, egun, Europako 268 eskualdeetan EAE 55.a da berrikuntza teknologikoari dagokionez, hau da, ikerketa eta garapenaren bidez (I+G) balio ekonomikoa eta soziala sortzeari dagokionez. Suedia lehen postuan da Europako herrialdeen artean, bere Barne Produktu Gordinaren (BPG) %3,5 I+G-ri baitagokio, eta eskualdeen sailkapenaren buruan Stockholm dago, BPGaren %4,3ari esker. Bada, Innobasqueren xedea 2030ean liderrari gailentzea da, alegia, egungo %1,6tik abiatu eta %5era iristea.

Helburua lortzeko, euskal agentzia berriak bost aldi ezarri ditu. 2010erako Lankidetzarako eta Garapen Ekonomikorako Erakundearen (LGEE) batez bestekora iritsi nahi dute, hau da, BPGaren %2,25era; 2015ean Lisboako Gailurrean proposatutako %3ra iristea da helburua; 2020an egun Suediak duen mailara iritsiko litzateke, %4,3ra, alegia; eta, azkenik, 2030ean, %5era iristea lortuko litzateke. Hori guztia gauzatzeko, Espainiako Estatuak ikerketa zientifikoaren eta teknikoaren eskumena transferituko duela espero du Innobasquek, Gernikako Estatutuak aurreikusi arren, oraindik ez baitute egin. Ikusteko dago, azkenean, EAJk Espainiako Estatuko Aurrekontu Orokorrak babestu ondoren, agindutako transferentzia gauzatuko ote den.

Mobilizazio soziala

Jomugara iristeko, Innobasque egundoko mobilizazio soziala egiten ari da EAEn. 2009a amaitzerako, hainbat esperientzia esparruko 1.000 lider inguru txertatu nahi ditu (dagoeneko 800 inguru lortu ditu); hainbat alor ekonomiko, sozial, kultural, unibertsitario, zientifiko eta tekologikoko 1.500 bazkide bildu nahi ditu, eta horietatik erdia enpresak izatea espero du; 151entitate pribatu nahiz publikorekin akordioak sinatzeko asmoa du, merkataritza ganberetatik hasi eta udaletaraino edo patronaletaraino. Azkenik, data horretarako, 5.000 pertsona berritzailek osatutako komunitatea ere sortu nahi dute, nazioarteko taldeek lagundutako hainbat programa garatu nahi dituzte eta gizarte sentsibilizatzeko kanpaina burutzeko asmoa dute.
Innobasque
Pedro Luis Maria Uriarte: "Berritzea, krisiari erantzuteko ezinbestekoa da"
Innobasqueko presidente Pedro Luis Uriartek argi dauka. Berritzea ezinbestekoa da krisiari erantzuteko. BBVAko kontseilari ohiak euskal ekonomiak behera egingo duela baina espainiar ekonomiaren gainetik egoten jarraituko duela uste du, eta zera adierazi du berriki: “Egungo krisialdi globala sakoneko korronteetatik bereizi behar da, eta ezinbestean eman behar diren erantzunak hautatu behar dira. Erantzun koiunturala eman behar zaio gogorra izango den krisialdiari eta erantzun estrategikoa behar da, krisialditik ateratzeko goranzko zikloa hasten denean, egoera bereziki positiboan kokatuta egon ahal izateko”.

Uriarteren arabera, “gure helburua teknologiaren bigarren mundutik lehen mundura pasatzea da”. Gogoan du krisialdia globala dela eta, hortaz, “gure ekonomia eta herrialde garatuena dagoeneko merkatu globaleko protagonista berriek baztertzeko eta ordezkatzeko arriskuan dagoela”. Izan ere, NMFren (Nazioarteko Moneta Funtsa) urriko txostenaren arabera, Txina %9 haziko da 2009an, India %6, Errusia %5,6 eta Brasil %3,5. Horrek guztiak eragina izango du munduko botere banaketan eta ondorio ekonomikoak, finantzarioak eta geoestrategikoak izango ditu. Testuinguru horretan, Uriartek garbi dauka euskal ekonomiak duen arriskua. Hala, hauxe dio presidenteak: euskal ekonomian, BPGren %24ari fenomeno globalizatzaileak zuzenean eragiten dio, eta beste %24ri zeharka eragiten dio, ia erdiari, beraz. Azkenean, ia industria sektore guztiak baztertuak eta ordezkatuak izateko arriskua dute.

Horregatik guztiagatik, Innobasqueko presidentearen arabera, kalitatea eta produktibitatea hobetzea, egiten duguna hobeto egitea, orain arte landu gabeko esparruetan sartzea eta erronka sozialei aurre egitea da apustua. “Jende gehiagok lan egitea lortu behar da”, dio, “era guztietako azpiegituretan inbertitu behar da, eta kalitatearen nahiz eraginkortasunaren aldeko apustua egiten jarraitu behar da, internazionalizazioa bultzatuz eta enpresei dimentsio handiagoa emanez”. Zientzia eta hezkuntza ere gogoan ditu. Zentzu horretan, hainbat ekimen sustatzen ditu, hala nola Donostia International Physics Center edo Bizkaian koka litekeen espalazio bidezko neutroien iturria (hori lortzeko ahaleginek emaitza lortzen badute). Hezkuntzari dagokionez, alor horretan gogor inbertitu behar dela dio, “sortu behar dugun eta hirueleduna behar lukeen gizarte multietniko eta kulturaniztunak” funtziona dezan. Eta generoen arteko muturreko berdintasuna lortu behar dela gaineratu du.
Kanal honetan artxibatua: Ikerketa eta Garapena

Ikerketa eta Garapena kanaletik interesatuko zaizu...
Azukre-lantegiek ikerketak ordaindu zituzten, bihotzeko gaixotasunak gantzei egozteko

Harvard unibertsitateko ikertzaile talde batek Azukrearen Elkarteko kideekin izandako harremanak aztertuz ondorioztatu dute 60ko hamarkadan ordainketak egin zituztela.


2015-03-08 | Joxerra Aizpurua
EAEn enpresak haserre I+Grako laguntza publikoak direla eta

2020rako, Eusko Jaurlaritzak Europar Batasuneko araudiekin bateratu du EAEko I+G estrategia. Aurreko asteetan gure ikerketa zentroen urduritasunaren berri eman dugu; orain enpresei dagokie. Bi hitzetan: EAEn ikerketa egiten duten enpresei diru gutxiago eta baldintzak gogortzea ekarri du 2015eko Gaitek deialdiak.

2014an 1.400 proiektu aurkeztu ziren, eta horietatik 800ek jasoko dute nolabaiteko finantzazioa, 2015eko otsailean emandako ebazpenaren arabera. Urtea igarota eta, beraz, proiektuak... [+]


2014-12-28 | Joxerra Aizpurua
Urduritasuna

1997. urtean eman zitzaion hasiera egun Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea (Saretek) denari. Dozena bat multzotan banatutako ia 200 elkartek eta erakundek osatzen dute Saretek. Orain 17 urte erronka gisa hasi zenak euskal industrian errotzea lortu du, eta azken horrek garai honetan bizi dugun krisialdian indarrari eutsi badio, neurri batean Saretekeko partaideen ikerketa lanei esker izan da. Are gehiago, gaur egungo euskal ekonomia Sareteken ekarpenik gabe ulertzea oso zaila... [+]


2014-12-07
EAEko ikerketa ereduan aldaketak

Joan den mendean sortutako ikerketa zentroen azpiegitura eguneratu nahi du Eusko Jaurlaritzak 2020rako. Ikerketaren emaitzak enpresetara efizientzia handiagoz hel daitezen, ikerlanen helburuak eta zentroen egituraketa birdefinitu nahi dituzte.  

Ikerketa zentroetan, eta batez ere enpresei lotutako ikerketa unitateetan, kezkatuta daude, ez baitakite beren lanean jarraitzeko administrazioaren laguntza izango duten ala ez. Helburuak orokorrak dira, nazioartean ere balioko dutenak, baina... [+]


2014-11-24 | Nerea Ibarzabal
I+G inbertsioa EAEn, Europako batez bestekoaren azpitik

Ekai Center taldeak analisi bat egin du Eustatek kaleratutako Ikerketa eta Garapeneko azken datuekin. %2aren azpitik dago EAEk I+G-ra bideratutako inbertsioa, eta emaitza horiek “ekonomia politika arduragabearen isla” direla adierazi dute Garan argitaratutako artikuluan.


Euskal Herria Europako trenaren atzealdeko bagoietan

Ikerketa eta Garapenean Euskal Herrian egindako inbertsioa gutxitu egin da azken urteetan. Gaindegia behategiak bere blogean argitaraturiko artikulu batek dio, arlo horretan Europako abangoardia diren Alemaniako länder-etatik gero eta urrunago gaudela.


2012-02-05 | Daniel Udalaitz
Hegan clusterra berriro hegaldatu da

Euskal sektore aeronautikoa Hegan Aeronautika eta Espazio Clusterreko kide diren 37 elkartek osatzen dute, eta nagusiki EAEn biltzen da. Sektorea berriro hegaldatu da eta geldialdia atzean utzi du, 2011n fakturazioa %12 hazi baitzen. Erritmo horri 2015. urtera arte eutsiko diotela aurreikusi dute.


2009-03-29 | Aitor Bergara
Ikerkuntzaren eta Unibertsitatearen garaia (Aitor Bergara)
Ez dago zalantza handirik, jakinduria izango dugu XXI. mendeko lehengai nagusia. Sormena eta irudimena datorkigun ekonomia berriaren motor bihurtuko dira, eta gure industriak nekez egingo du aurrera kanpoan eraginkorrak diren prozedurak imitatuz bakarrik. Zientzia eta teknologiaren arteko lotura zuzena garai berri honen oinarria izango da, eta behingoz Unibertsitateak hartu beharko luke dagokion protagonismo eta erantzukizuna. Unibertsitatearen mamia ez da bakarrik zabaltzea orain arte... [+]

2009-03-29 | Javier Echeverria
Ikerketa, garapen eta berrikuntza sozialak (Javier Echeverria)
XX. mendeko azken hamarkadetan, zientzia akademikoa I+G+b (ikerketa zientifikoa, garapen teknologikoa eta berrikuntza) sistemen barruan txertatu da. Horrek egitura aldaketa garrantzitsuak eragin ditu unibertsitate eta ikerketa zentro publiko nahiz pribatuetan. Eredu linealari jarraiki, ikerketa zientifikoaren gainetik garapen teknologikoen eta berrikuntzen sorrera lehenestea da aldaketa nagusietakoa. Gure ustez, eredu horri gizartearen G-a erantsi behar zaio eta, horrenbestez, emaitza I+G+b+G... [+]

ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude