argia.eus
INPRIMATU
Dantza pasteurizatua
Oier Araolaza @oaraolaza 2009ko maiatzaren 10
Oier Araolaaza
Dani Blanco
San Antonio egunez Urkiolan adina erroskila salduko zituen bere garaian “munduko musikak” zigilua asmatu zuenak. Orain berriz, kexu dira ez dela disko alerik saltzen, ezta etiketa guaiena jarrita ere. Salmentak urri izan arren markak bide egin du eta “munduko musikak” etiketak funtzionatzen jarraitzen du –mundukoa ez den musikarik ba ote dagoen argitu ez badigute ere–.
 
Dantzariak hor gabiltza, munduko musiken ustezko arrakastaren aparretan igeri egin nahian. Modernotasunaren aitzakian etxeko ateak ireki ditugu, eta flamenkoa zein sabelaren dantza zortzikoa baino “gureago” ditugu orain. Garaikidetasun lasterketetan homologazio bila gabiltza eta break-dancean ere doktoratzeko puntuan gaude. Baina, dantza tradizionalak ia disimuluan lurperatzekotan gauden honetan, modernoetan-modelnoenak esandakoekin hankaz gora etorri zaigu estrategia osoa.
 
Cesc Gelabert, abangoardiako dantzari eta koreografo katalanak esan digu garrantzitsua dela munduko bazter batean txokoa hartzea, horixe baita unibertsal egingo gaituena: gure txokoko berezitasunak besteei erakusteak. Alegia, euskararen inguruko diskurtso soziolinguistikoetan entzuten genuena, euskara zela Babelgo dorrean sartzeko giltza, eta euskara bezala jalgi behar dugula dantza munduko plazara.
 
Aniztasuna bakoitzaren abiapuntuarekiko fideltasunean oinarritzen dela gaineratu digu Gelabertek. “Baina erne! –gaztigatu digu sortzaile katalanak–, inoiz ere ez ezjakintasunetik!”. Beste toki batzuetan zer egiten den ezagutu eta gure beharraren arabera erabiltzeko jarrera irekia izan behar dugu dantza garaikideko guruaren esanetan.
 
Mundu oso bat dugu klik batera. Sukaldea egurasteko leihoa ireki eta urakanak airean garamatza. Beraz, hautatzen jakitea, –kriterioa esaten dioten hori–, omen da munduko (Ilargia eta Marte barne) musika eta dantzen ozeano honetan ez itotzeko arraunik eraginkorrena. Input uholde horren aurrean irizpide sendorik ez badugu, modaren eta azken joeren sarean galdu eta arrunt bihurtuko gara. Mundura homologazio bila ateratzen garen bakoitzean homogeneizatuta eta pasteurizatuta itzultzen gara.
 
Ez dugu dantza pururik, kanpotik jasotako ekarpenak bertako tenperatura eta hezetasun baldintzetan irabiatutako pureak baizik. Baina errezeta propio horiek dira gure unibertsaltasunaren froga agiri, eta horiek beharko genituzke dantzaren mundurako, munduko dantzetarako zein munduaren dantzarako gure ekarpen zintzo.