«Zikiratu egin gintuzten umezurztegian»

  • Omenaldia jaso zuen Tafalla jaioterrian joan den martxoaren 8an, emakume eta langile delako. Hitzari lotu eta berehala jabetu gara, ordea: gerraren biktima da lehenik, herrian 37 umezurtz baino gehiago izan ziren haurtzaro latza gogoan. Gerraren biktima gorria, omenaldiak horretaz ezer esan ez badu ere.
Carmen Fraile
Dani Blanco

Langilea izan zara…


Txikitandik. Lehenengo, umezurztegian izan nintzen, 8 urtetik 18 urtera. Garai hartan ez zegoen baliabiderik, ezta jateko ere. Gorriak ikusi genituen. Ez ziguten ikasketarik ematen, baratze handiak ematen zuena jaso, etxea goitik behera garbitu eta errezo asko egin. Mojak ziren arduradun, ez zuten ez aski formaziorik ez dirurik guri ezer erakusteko. Lau erregelak besterik ez. Gogoan dut hamabi urte bete orduko jostundegian ari nintzela: jakak egiteko makinak ekarri zizkiguten –lan horretatik bizi ginen–, eta aditua nintzen jaka egiten, josten, saretzen, brodatzen, gurutze-puntua egiten… Sasoi hartan horixe egiten baitzen!
 

Non zen umezurztegia?


Tafallan berean. Izan zen familia aberats bat, bere diru eta alorrak herriari dohaintzan eman zizkiona. Gerrako umezurtzok harako eskubidea genuen. 1936ko Gerra hasi zenean soldaduak hartu zituzten han, zaurituak. Baina aldi bateko kontua izan zen. Laster, gerrako umezurtzok ginen han.
 

Zergatik zinen, 8 urte betetan, umezurztegian?


Ama etxez etxe zebilelako lanean eta, beste zenbait alargunekin batera, estraperloan. Jeneroa hartu eta Donostian, Bilbon… saltzen zuten, baina gehienetan guardia zibilak kentzen zizkien. Hortaz, ni, amona batarekin edo bestearekin uzten ninduen. Alargunen beste irtenbide bat, bakarra, umezurztegia zen. Eta haraxe ni.
 

Alargunak Tafallan?


Asko, asko, asko. 37 neskatiko ginen, eta mutikoak aparte. Gu barnean bizi ginen, bertan. Mutilak ez, jan eta ikasi, besterik ez zuten egiten bertan. Asko ginen, adin tarte askotakoak. Hemezortzi urte nituela irten nintzen handik, ezertarako ikasia ez nintzela.
 

Sartaguda omen da “alargunen herria”. Tafallan ere baziren alargunak, franko.


Umezurtz asko zegoen hemen, bai alde batekoak eta bai bestekoak. Gure aita abertzalea zen. Amak eta lehengusu-lehengusinek kontatuta dakit. Behin, etorri da gure aita lanetik, ari ziren aita-ama bazkaltzen ni –sei hilabeteko haurra– ondoan nindukatela, kartoizko kutxa batean… Etorri dira lau lagun, jo dute mosketoiarekin atean eta esan zioten: “Anjel, edo boluntario hator, edo badakik non dagoen Carrascal!”. Alegia, edo egun hartan bertan joan boluntario, edo fusilatu egingo zutela. Gure aitak ukabilak estutu zituen. Ama, aldiz, erantzuteko prest beti: “Nire senarra ez da inora joango!”. Haietako batek mosketoiaz jo eta paretaren kontra bota zuen. Nik ez dakit nolakoa izan zen mosketoiarekin atean jo zuten kolpea, baina gure amak, 72 urte beteta ere, artean gogoratzen zuen danbateko hura. Halakoxe izua pasatu zuen! Kontua da aita haiekin irten zela etxetik… eta gaur arte! Boluntario joan behar izan zuen, Ebroko batailara eraman zuten. Herritik bidali zuen informean ezkerrekoa zela zioen eta gerrako lehenengo lerroan jarri zuten. 40 egunera hil zuten, bataila hartan, gerrako kopururik handiena izan zen hartan, benetako hilkintza. Egia duzu hori, gaua eta eguna bezain egia. Are gehiago esango dizut, bada lege bat esaten duena frontean hil zirenen seme-alabok militarraren soldata osoa jasotzeko eskubidea dugula. Baina aitak gerran denbora gutxi egin zuelako, ez omen dagokit soldata oso hura. Zortzi mila pezeta inguru jasotzen ditut hilean. Zer deritzozu? Aita balaz josi zuten, baina eskubiderik ez. Beste askok, sukaldean jardun zutenek, edo erretagoardian, soldata osoa.
 

Historia hori ez da ageri omenaldi txostenean…


Ez. Gure etxera sartu ziren lau haiek herrikoak ziren. Orain kontuok harrotzen hastea… Beste datu bat, umezurztegikoa: haurraren familia sinestuna baldin bazen, elizkoia, komulgatzen zuena… haur hura ere beste era batera biziko zen. Gure ama ez zen elizara joaten, nahiko lan bazuen bestela ere, eta nik ez nuen erraztasunik izan umezurztegian. Familiak pisu handia zuen orduan. Behin, gogoratzen naiz, aitaren aldeko amonarenean: “Amona, esan didate aitta jainkoaren eta aberriaren alde hil dela!”. “Zeeer? Ez jainko eta ez aberri, aita hil egin dizute eta kito!”. Hiru seme eraman zizkioten gerrara, bi onik itzuli zitzaizkion. Gure aita, hilik.
 

Omenaldia, aldiz, emakume langilea izan zarelako!


Umezurztegitik irten eta Tafallan garai hartan ez zegoen Armendarizen zapata lantegian lanean hasi edo neskametzan joan besterik. Nik senar-emazte batzuk ezagutzeko zoria izan nuen. Gizona, militarra; andrea, Maria Pilar Irurita, izen bereko herrikoa, emakume ikasia. Oso ziren fededunak, eta ni berriz, moja ikastetxetik irten berria. Seintzaina behar zuten, eta halaxe eraman ninduten Sidi Ifnira, espainiar kolonia garai hartan. Hiru urte egin nituen han, primeran, eta bertan ezagutu nuen nire gizona, ofizialen kasinoan tabernari lana egiten zuena.
 

Tafallatik Marokora.


Ez nekien nora nindoan ere, baina oso ongi egongo nintzelako ideia neraman buruan. Eta egia izan! Seintzain izan nintzen, beste lanik egin beharrik gabe, hainbat zerbitzari baitzuten lanerako. Hura zen pagotxa! Espainiak han zuen probintzia militarrean ginen, Tagrara herrian. Taberna txiki bat ireki genuen senarrak eta biok –gizona sevillarra eta Sevilla taberna–, eta handitu egin genuen poliki-poliki, jatetxea egin arte. Sei hilabetetik behin hamabi mila soldadu ordezkatzen zituzten –batzuk ekarri eta beste batzuk eraman–, eta soldadu haiek dirua ibiltzen zuten, familiek gastuetarako emanda. Soldaduak genituen arratsaldero bezero, soldadu mordoa; lana franko egiten genuen, eta dirua irabazi ere bai. Oso garai ona izan genuen. Hamasei urte iraun zuen. Gero, independentzia etorri zen.
 

Alegia, 1969an Sidi Ifni Marokori itzuli behar izan zion Espainiak eta kito zuen bizimodua han.


Engainatu egin gintuzten militarrek. Etxea genuen, taberna… Kalte-ordaina zegokigun, baina ezer ez. Militarrak pabilioietan bizi ziren, ez zuten beren etxerik utzi, eta kalte-ordaina jaso zuten hala ere. Haiek bai, eta guk zibilok ez, nahiz eta dena utzi behar izan! Urte hartako apirilean irten ginen gu handik, urte osoko etxe-zerga ordainduta, kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango genuela-eta! Ezer ez. Esku hutsik hartu gintuen gure amak Tafallan, goian zerua eta behean lurra besterik ez genuela. Eta hamazazpi mila pezeta sakelan.
 

Latza, etxea utzi beharra.


O, bai. Alaba txikienak sei hilabete zituen. Militarrek, berriz, elikagairik gabe utzi gintuzten, handik alde egin genezan, kalte-ordainaren zain egon ez gintezen. Farmazian, adibidez, zibiloi ukatu egin zizkiguten sendagaiak. Alde egin genezan, betiere. Hiru seme-alaba genituen, ordea, eta kezka, hona etorrita ere, zertatik bizi? Bada, zoriak lagundu digula esan ohi dut nik. Gizona era guztietako gida-baimenen jabe egin zen Afrikan egon zen garaian, eta Tafallara etorri eta berehalaxe hasi zen garraio lanean: errepideak berritzen hasi ziren garaia zen, artean kamioilari asko ere ez zegoen, eta zori on horixe!
 

Tafallara etorri zineten, ez Sevillara.


Jakina, hemen beste bizi kalitate bat zegoen. Sevillan –izatez, Alcala de Guadaira herrikoa zen nire gizona–, eta Espainia hegoaldean, oro har, pobrezia handia zegoen. Ez zegoen alderatzerik… Ama askotan etorria zen Marokora, gurera. Alabak hazten ere lagundu zidan. Askotan, ni lanean, eta Tafallara ekarri izan zuen gure alaba zaharrena, niri laguntzeko. Hona etortzea erabaki genuenean, amaren aldetik ez zen eragozpenik izan. Ama nire ondoan egon izan zen beti.
 

Italian bizi dituzu bi alaba, bata kantari lirikoa, bestea aktorea.


Uste dut gehiago egin genezakeela seme-alabek ikasketak izateko. Baina ez genuen mailarik eman; gurasook, alegia. Tira, txikienari baino ez genion ikasteko aukera zabaldu. Hark bai, ikasi zuen, askoz lan gehiago egin behar izan banuen ere. Tafallan nintzen, ordurako, Rafael tabernan lanean. Alaba zaharrena Italian zen, senargaia hangoa eta. Alaba txikienak ere hara nahi zuela, eta joan zen, institutuko azken urtea hantxe ikasi eta antzerkigintza ikasi zuen gero. Horregatik esan dizut, bada, lan gehiago egin behar izan nuela, alabaren ikasketak ordaindu beharra zegoen Italian. Gaur egun Italian dira bi alabak.
 

Lan eta lan… Hemengo Rafael tabernan ez ezik, igerilekukoan ere bai, izozki saltzen.


Semeak hartu zuen-eta igerilekuko taberna! Kiosko lan hori, berriz, niri ikaragarri gustatzen zait, ikaragarri! Rafael tabernan, sukaldeko lana eta izozki saltzen lan eginda nengoen. Igerilekuan, kioskoan jardun nuen lanean, lau urtez, semearen ardurapean. Txiki eta handi, denek ezagutzen ninduten Tafallan. Omenaldia egin didatenean, denek agurtzen ninduten. Bazen emakume arruntoi omen egiteko garaia! Diot nik. Behin ere ez zaigu merezimendurik aitortzen!
 

Emakume arrunta zaren ez dakit, ibilbide aski berezia egina duzu behinik behin.


Ibilbide berezia diozu? Eta gero, gizona hil zitzaidanean, 40 eguneko agonia luze eta beldurgarria igaro ondoren, han non bularreko minbizia diagnostikatzen didaten hilabete batzuetara. Duela hamahiru urteko kontuak, eta hemen naukazu oraindik!
 

Bejondeizula zuri!


Ospitalean egin zidaten lan ona, batetik, eta bizitzeko nuen gogoa, bestetik. Ni ez nengoen hiltzeko prest. Eta, bestalde, oso sinestuna naiz. Ikusiak ikusi eta esanak esan, baina fede handikoa nauzu: jainkoagan sinesten dut, eta errezo handikoa naiz. Nik bizi egin nahi nuen, ondo egon, lasai… eta ondo nago, eta lasai, alaben eta loben ondoan, esne mamitan naukatela. Etxeko hipoteka ere ordaindu dut, gurasoen etxea, ni jaio nintzena, baina nola ibili behar izan dudan ez da argitaratzekoa…
 

Etxe hauxe nahi zenuen zuk.


Obsesioa ere bazen etxea. Bertan jaio nintzen, hizketan ari garen gela honetan bertan. Etxe hau erosi nahi izan nuen bertan ezkondu zirelako gurasoak, bertan jaio nintzelako ni… Etxe honen aldera begiratzen nuen beti. Nik neuretzat jotzen nuen etxe hau, eta ez dakit zergatik. Baina hartaz jabetu arteko onik ez nuen izan, horixe besterik ez dakit.
 

Carmen, zer diozu herriko hainbat andre ikusten dituzunean, zure lagun edota ezagunak, zu bezala Tafallan hazi, baina zu ez bezala bertan bizi izan direnak bizi guztiko?


Inbidia pixka bat ematen dit, zer esango dizut, bada! Bizitza hobea egin dute. Lehengusu-lehengusinak ikusi besterik ez daukat: gorabehera handirik gabe hazi dira, sufrikario latzik gabe. Nik, aldiz, gorriak ikusi ditut, umezurztegian, babesgabe, mojen eskuetan eta haien aldartearen mende. Esango dizut: umeez erditzen ni Sidi Ifnin eta gure amari esaten nion: “Ama, niri inoiz okerrik gertatzen bazait, saia zakizkit nire umeak hazten ahal duzun moduan, baina, faborez, ez itzazu umezurztegi hura bezalako eskolan sartu!”. Guk hainbeste gose, hainbeste lan, arrazoirik gabeko zigorrak, komulgatu behar hura, negu hotzean berogailurik gabe, ospelak eskuetan… Garai hartako lagunekin hitz egiten dudanean, zera esaten diogu elkarri, haurtzaro-gaztaroak lapurtu zizkigutela.
 

Bizia egin duzu, dena den.


Irten ginenean ez ginen ezertarako gauza, ez lanbiderik ez ikasketarik ez ezer, eta dena bekatu zelako zera hori buruan sartuta. Ez dakigu zertarako gai izan ote gintezkeen, nolakoak izango ote ginen benetan. Amaren mende, senarraren mende… Eta ni? Non nago ni? Ez didate neure nortasunik azaltzen lagundu; alderantziz, galarazi egin didate. Zikiratu egin gintuzten! Gu, gerrako umezurtzok, eta Gobernua ez zen batere arduratzen. Ez dakit nola esan ere baina, esaterako, Italian alabarenean nagoela, autobusean, adibidez, bi moja ikusten ditudala, zera ateratzen zait: “Hara, horra goizean goizetik bi bele autobusean!”. “Ama, ulertu egingo dizutela!”. “Bai, bada, horrexegatik esaten dut, uler dezaten!”. Eta barkatu sinestuna baldin bazara…
Aita abertzalea
“Lehengusu zaharrenak esanda dakit, talde moduko bat zirela Tafallan, bere burua abertzaletzat zeukatena. Ba omen zen alor bat ere, ‘euskaldunen alorra’ esaten ziotena. Haietarik zen gure aita, eta nabarmena”.
Euskaldunak Tafallan
“Hemen euskalduntzat daukate bere burua. Euskaldun asko bizi dira hemen, lagun asko ditut horien artean. Gure aitaren garaiko ‘euskaldunen alorra’, kale izenak euskaraz eta gaztelaniaz… Euskaldunak gara, nonbait! Ez ziren, bada, zazpi probintzia? Han hiru eta hemen lau? Ez zen, bada, Nafarroako Erresuma?... Nik hala ere, ez dut nire burua euskalduntzat jotzen, zertan gezurra esan. Nik nafarra naizela esaten dut, ‘soziata’ esaten didate, baina ez dit ardura, sozialista izango naiz hiltzen naizen egunera arte”.
AZKEN HITZA
Tafalla
“Bertan sortu nintzen, bertan hazi, munduan denik eta gauzarik preziatuena zait… orain! Orduko hartan umezurztegian nengoen, ez Tafallan, nahiz eta etxe hura herrian egon”.
Ospelak
“Umezurztegian geundela, urtean hiru aldiz etxera joaten ginen bazkaltzera. Guk, ospelak, eta mojek: ‘Ospelak sendatzen ez zaizkiona ez da etxera bazkaltzera joango!’. Eskuak ospelez josiak, bendatan bilduak, baina ontzi garbitzen segitu behar zenuen! Nik galtzarbean sartzen nituen eskuak, ospelak bero hartan sendatuko zitzaizkidalakoan. Halakoxe gajoak ginen!”.
Nortasun agiria
Carmen Fraile Garcia (Tafalla, 1936). Sei hilabete zituela hil zioten aita. Tafallako umezurztegian hazi zen, askotariko lanean, 18 urtetan Tafalla herriko familia batek Afrikara seintzain eraman zuen arte. Bertan ezkondu zen eta bertan bizi, lanean, 1969 arte. Orduan, atzera Tafallara itzuli zen, hiru seme-alabarekin, berriz lanean. Eta erretretan sartzeko garaian ere, lanean jardun behar izan zuen. Beti lanean… Omenaldia jaso zuen martxoaren 8an. Emakume, langile eta gerrako haur umezurtza da. Italian bizi ditu bi alabak eta egonaldiak egin ohi ditu hantxe.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude