argia.eus
INPRIMATU
Biko krisiari jarriak
Alaitz Sarasola 2009ko maiatzaren 10
Alaitz Sarasola
Nagore Legarreta
I

Bikote krisia hain da
joera kutsatua
egitura zaila baita,
bi habez altxatua…
ematen du zer esana
eta zer pentsatua.
 
II

Jakinda harreman batek
bermerik ez daukala,
horrek eskaini dezake
ikuspegi makala,
baina iraungitze datarik
ere ez dauka, ala?
 
III

Gure baitan sartu dena
zuzen edo trabeska,
emozioak ipintzen
dizkiguna gainezka,
gaur berezi baldin bada,
bihar zergatik ez pa?
 
IV

Bi batera mugatzea
baztertuta burutik,
ez al dago mantentzerik
erlazio bat zutik,
etengabe aberastuz
bestearen mundutik?
 
V

Barrua azaleratuz (azeleratuz)
noiznahi sentitu bitxi,
zirrarak azalberritu
eta begiak itxi…
ez dadin azalekoa
izatera iritsi.
 
VI

Jarraipena lan nekeza,
errutinaren txanda…
baina gainditzerik balitz
inertziaren langa,
egunero hasiera
desberdin bat emanda…
 
VII

Zein ote da sekretua,
mamia edo muina,
izan dadin begirunez
jantzia eta duina,
edonoiz zerbait eransten (eranzten)
uzten duen ipuina?
 
VIII

Interesa, jakin-mina…
elkarrekin urtzeko,
nahiz bidelaguna izan
ibilbide luzeko,
ez al du beti izango
zerbait ezagutzeko?
 
IX

Sabeleko tximeletak
hegaldatuta ere,
elkarrekiko grinari
gerritik helduz trebe,
maitatua sentitzea
ez al da bizilege?
 
X

Ez dut egia osorik
ikusi nahi biluzik,
edo egia erdirik,
edo laurdena kasik,
maitemintzea ez bada
gezur handi bat baizik.
 
Doinua: “Garaziko herria”.