Barcinaren aroa

Kike Diez de Ultzurrun Sagalá
Josu Santesteban
Iritsi da. Iruñeko alkatetza, nonbait, motz gelditzen zitzaion: kargu apalegia bere goranahia asetzeko. Botere-gosez ibili da beti eta berdin izan dio norengana hurbildu; saiakerak egin zituen PNVrekin; saiakerak ere PSOErekin; baina UPNn eman zioten aukera, eta ez du alferrik galdu, eta hortxe dago, alderdikideen txalo bero-beroen artean, hiriburuko alkatetzatik Diputaziora jauzi egiteko prest.
 
Egunotan argazki bat agertu da egunkarietan, Sanzek Barcina gobernuan lehen aldiz sartu zuenekoa. Saihets batetik ateratako irudia da. Kontseilari guztiak aurrera begira ageri dira; guztiak bat izan ezik, Barcina izan ezik. Barcina da kamerari begira dagoen bakarra; ohartu zen argazkilaria saihets batean zegoela eta harexeri begiratu zion; badaki beti non dagoen argazkilaria, kameralaria, eta irribarre zabala, hurbila, atsegina agertzen du beti.
 
Barcina Sanzen apustua izan da. Sanzek sartu zuen gobernuan, Sanzek proposatu hiriburuko alkatetzarako, eta orain, alderdiburu nagusia eta lehendakarigaia izateko. Sanzi halako ezinegon bat sartu zaio bat-batean eta kargu guztiak utzi nahi ditu: UPNko buruzagitza, Gobernukoa eta Nafarroako Kutxako presidentzia, eta den-dena konfiantzazko pertsonarengan utzi nahi du. Duela pare bat urtera arte, bazirudien Alberto Catalan izanen zela Sanzen oinordekoa: Erriberakoa, alderdia arras ongi ezagutzen duena, leiala, herrietan makina bat jarraitzaile dituena, betidanik alderdian ibilitakoa; baina ez, hiri girotik iritsitakoak kendu dio postua, Nafarroara eta alderdira etorri berria den batek; eta harritzekoa da noraino men egin dioten denek Barcinari, hau da, kanpotik etorri denari, baita herrietako alderdikideek ere; “txapela” sektorekoek, alegia. UPNn bi sektore baitaude: hirikoak eta herrietakoak (“boina” edota “patxaran” sektorea, alegia).
 
“Nafarroa, forala eta espainola” oihukatu zuen Barcinak lehengoan milaka alderdikideren aitzinean, bere galtza eta elastiko gorrietan jantzita. Horixe da Barcinaren mezu bakarra, eta arrakastatsu gertatu da. Hiriburuko jende aunitzek maite du; haientzat egin eta “edertu” du hiria. Berdin dio azpiegitura hori edo obra hura Iruñerako beharrezkoa den ala ez; egin du eta kito. Berdin dio halako proiektuak hiria izugarri zorpetuta utziko duen ala ez; egin eta kito. Gainera, kate motzean lotu ditu “ETAren inguruan” dabiltzanak; eta horrek sekulako itzala eman dio hiriko auzokide kopuru handi-handiaren begietan. Gainerakoan, irudia da. Irribarre zabala eskaintzen dio kalean dabilen jende guztiari, baita Sanferminetako prozesioan oihu egiten diotenei ere; eskua ematen du ezker-eskuin, eta 99 urteko gizon-emakumeak irrikitan daude 100 urtera iristeko, jakin badakitelako egun seinalatu horretan Barcina alkate andrea etxera bisitan joanen zaiela, zorionak errateko eta San Ferminen irudi bat oparitzeko; gainera, familiako guztiekin batera alkatearen ondoan agertuko dira telebista eta egunkarietan.
 
Behin Sanzek bere agintaldia bukatutakoan, Barcina lehiatuko da hauteskundeetan; egia da eskuina zatikatua joanen dela eta, PPrekin batera joaten hasi arte, UPNk gaur egun baino aunitzez ere boto gutxiago biltzen zituela. Orain ikuskizun dago. Dena den, berdin dio: azken finean, Barcinak bi euskarri izanen baititu Nafarroa gobernatzeko: lehendabizi, Madril aldean haizeak nondik jotzen duen begiratu eta, horren arabera, PSN ala PP aukeratuko du. Horratx, hasia da Barcinaren aro berria.

ASTEKARIA
2009ko maiatzaren 10a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Yolanda Barcina
2021-11-03 | Leire Artola Arin
Mugitu! mugimenduak Iruñerriko markesinetako publizitatea AHTren aurkako kartelengatik ordezkatu du

Salatu dute Espainiako Gobernuko aurrekontuen erdia baino gehiago trenaren lanetara bideratuko dela. Ekintzarekin gogorarazi nahi izan dute duela hamar urte AHTren aurka kexatzeko egindakoa: Yolanda Barcina orduko Nafarroako lehendakariari tartak bota zizkioten.


Barcina eta Sanz CANeko parlamentuko ikerketa batzordera deitu dituzte

Gobernua babesten duten lau alderdiek eskatu dute presidente ohien agerraldia batzordean.  Enrique Goñi Nafarroako Kutxako presidenteak bere burua eskaini du batzorde horretan agertzeko. Jose Antonio Sarria Enpresarien elkarteko presidentea, Jose Antonio Asiain Banka... [+]


2015-10-13 | ARGIA
Telefónicak Barcina fitxatu duela zabaldu dute

Telefónicak Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakari ohia fitxatu duela zabaldu du Hispanidad.com webguneak.


Barcina, UPN-n ere ez dute nahi

Oraindik Nafarroako Gobernuko lehendakari den Yolanda Barcinak UPNko lehendakaritza ere utziko duela zabaldu du gaur Diario de Navarrak.


"Iruñea After Barcina, Nola?" jaialdian, aldarrikapenak ospakizun

Iruñeko karrikak kolorez eta musikaz girotuko dituzte maiatzaren 28tik 31ra, Iruñea After Barcina, Nola? Fest jaialdiarekin. Egitarau oparoa prestatu dute astebururako, kontzertuak eta desfilea besteak beste.


Eguneraketa berriak daude