Gertatu al da zerbait interesgarririk 2000. urtetik hona?
Zerbait? Gauza asko esango nuke nik, gehiegi agian: Paco Rabanne-k esan ez bezala mundua ez da amaitu, Sarkozy eta Carla Bruni ezkondu egin ziren eta Angelina Jolie-k dio bere haurrak direla-eta ezin duela Brad Pitt-ez gozatu. A... eta Errealak 100 urte bete ditu, tumatxa!
Euskal elektronikaren eszena, adibidez, hurrengo menderako utziko dugu...
Inoiz egon al da eszenarik ala? Donostiarrek hasitako lana
bilbainoek jarraitu dute, badirudi neoizko doinuen euskal eszena datorren mendea baino gertuago dugula. Hala ere, zineman gertatzen den moduan, Dj eta musikari gehienek kanpora jo dute.
Triki-poteo bat ezin da agertu “joera” aldizkari batean?
Fermin
tío,
guay izan nahi dugu, ez al zara konturatu ala? Eta badakizu, zenbat eta talde ezezagunagoei buruz hitz egin, orduan eta
guayagoa zara. Ez dago
Berriako zure zutabea irakurtzea besterik. Hala ere, telebistaz hitz egiten zenuenean gustukoago zintudan.
Gazte-gaztea zinenean Cancer Moon bezalako taldeen kontzertuak antolatzen zenituen. Horri esker eman al zizuten lana Gaztea irratian?
Azkenean Gaztea esan duzu Euskadi Gaztea beharrean, asmatu duzu behingoz. Ez hori bakarrik, askotan jarri ditut, gazte izaten jarraitzen dudan honetan, Cancer Moon, Dut, El Inquilino Comunista edo Lord Sickness bezalakoak, nahiz eta gutxi batzuk bakarrik konturatu.
Kalefonia irratsaioa egiten duzu orain Maider Segurolarekin. Ezagutu nahi nuke zuen gidoigilea, transmititzen duzuen tentsio sexuala dela eta...
Gidoigile gehiegi ditugu tentsio sexual honi buruz hain erraz hitz egiteko. Gure erredakzioan denek ligatu nahi dute Maiderrekin; inork ez nirekin, pisu guztia Maiderrek darama beraz. Berak dio jada anaia bat bezala naizela berarentzat; nireak egin du!
Global Funk izeneko jai ibiltaria ere hilean behin antolatzen duzu, euskal metropolietan barna.
Euskal metropolian zehar antolatzen ditugun
global funk festa horiek global ostian ez bilakatzeko esperantzarekin antolatzen ditugu.
Hasieratik zaude Eitb.net-en. Ondo al doa negozio hori?
Ez, ez nago hasieratik Eitb.com-en. Lan egiten duzun etxearen web helbidea behintzat ondo ikasi, etorkizun hurbilean agian beharko duzu eta...
Eitb.net arrakastatsuago izan dadin txutxu-mutxu blog monografikoa ireki zenezake, eta erosoena izango zaizu norbera bilakatzea egile zein protagonista!
Txutxu-mutxu blog monografikoa baino zuzenean blog horia egingo dut, azken aldian Maiderrengana gehiegi gerturatzen ari zara eta jeloskor jartzen hasia nago. Badirudi horren gustuko duzun tentsio sexualak harrapatu zaituela, ez ni harrapatu gero!