Iñigo Azkona
Iruñean barna hiru ordutik gora korrikan eman genituelarik, ezer nabarmentzekotan, parte-hartze itzela azpimarratu genuen furgonetakideok. Biharamunean jakinarazi ziguten Iruñeko udalak uko egin ziola erosi uste zuten 2.000 euroko kilometroa ordaintzeari. Arrazoiak Alberto Catalanek argitu zizkigun: lekukoak ikurrina zeroan aldean eta zenbait korrikalarik preso dauden pertsonen argazkiak zeroatzaten. Gasteizera heltzeko lau bat egun falta zirela beste dei batek aztoratu gintuen: Dignidad y Justicia elkarte parapolizialak Korrika gelditzeko eskaria sartu zuen auzitegietan terrorismoaren aldekoa dela arrazoitzat. Askoren lehen ondorioa hauxe: azken Korrika izango ote da aurtengoa? Debekatuko ote digute 2011an Korrika ospatzea? Errotuegi dugun galtzaile babesbakoaren gogoeta. Korrika hasi eta amaitu bitartean furgonetetan aritu garenon artean, duela hogei urtetik aritutakoak egon dira, beste batzuk azken bost edizioetan ibili gara eta denok gogoratzen genuen umetatik egin dugula izerdia euskararen aldeko jai erraldoienean. Halaber, denok ekarri genuen akordura arrazoi politikoengatik preso egondako pertsonen argazkiak beti egon direla presente Korrikan, unean uneko gatazka sozial, politiko zein linguistikoen aldarrikapenerako erakusleihoa izan dela betidanik, Korrika ez antolatzaileek bultzatu edo sostengatu dutelako, ez bada Korrika herriarena delako. Horregatik harritu eta mindu ninduten, besteak beste, Aingeru Epaltzak Diario de Noticiasen eta Joxe Arantzabalek bere blogean idatzitakoek. Dignidad y Justicia elkarte parapoliziala dela, azpimarratzen dut behin eta berriz, poliziek egiten dizkietelako auzitegietarako txostenak Egunkaria aferako auzipetuek ederto dakiten legez. Espainiako justiziaren auzitegietako hemerotekara jo eta zerrenda eginez gero konturatuko gara ustez ETAko biktimen elkartea dena euskaltzaletasunaren, euskal abertzaletasunaren eta bizi dugun gatazka politikoari elkarrizketa bidezko konponbidea ematearen aurkako elkartea baino ez dena. Horregatik mintzen naute Korrikaren eta AEKren euskararen aldeko lan izugarria ezbaian jartzen dituztenen iritziek. Dignidad y Justicia, España y Libertad eta enparauak auziperatu egin behar genituzke bakearen eta euskaldunon arteko elkarbizitzaren kontra darabilten etengabeko jardunagatik. Sinbolikoa baino ez bada ere, sartu ditzagun milaka kereila euren aurka, egin diezaiegun aurre behingoz.