Bedatsean barna

  • Ez da udaberrikoa bezain garai ederrik Erriberako hiriburura bisitan hurbiltzeko, izan ere, berdez janzten baitute maiatzero; barazkiaren hiria zaharra da, ordea, eta barazkia goraipatzeko jardunaldiak baino dexente lehenago eman dizkigu Ebro amak egunotako oparoa. Beude haatik ospakizunak, josta eta dasta dezagun bedatse emankorra Tuterako igaliez, hiri zaharreko karrika anabasan sartuz eta zain dauzkagun istorioak gozatuz.

2009ko apirilaren 29an
Tutera
Ez da berria aste honetako Ihesiko helmuga Argia gure aldizkarian, nahiz onartu behar den aspaldi xamarrean agertu zela Iosu Etxanizek sinaturiko “Nafar Erribera: kulturen mestizajea labirintoan”, 2002ko otsaila hasieran alegia, 1840. zenbakian hots. Euria egin du harrez geroz, guttiago Erribera aldean, baina euria beti ere. Eskaria Korrika 16 hasi aitzin etorri zitzaidan, ez dakit ordea horri aiduru soilik, horri belanda; pentsu dut ezetz, zinezkoa zela interesa. Lasterketa aipatu dudala probestuz, Korrika 16aren ekitaldi hasieran izan nintzen bada, aurkezle nazkante lana egiten edo. Hango euskaltegiaren izena eta izana goraipatzeko deitu ninduten, baina engaiamendu guttiko pertsona izanki eta mozorro gabe, are denborarik gabe ere, motz eta lakar eraman behar izan nuen parte hartzeen segida. Barka nazaten barkatzen dutenek.

Azkenik atera zen Korrika 16. Ez nion segitu baina, lasaitasuna behar eta horri josi nintzaion gogoz eta gorputzez. Lehenbizi karrikategi estuan barneratu, eta segituan udaberriko lehenbiziko beroaz gozatu kale kantoien estutasunean, itzal distiratsuetan. Eta horixe da Tuterara datorren edozein bisitarik egin beharreko lehenbiziko gauza, ene uste apalean. Bidean dela hurbiltzen, aukera dauka ortzi-muga amaigabearen handitasunaz bere buruari txiki sentiarazteko. Baina behin hirira arribaturik eta autoa inon abandonaturik, alde zaharreko karriken anabasan sartu behar, labirintoan galdu, eta Polifemoren xerka bailebilen, izkinetan pausatu kontenplazione aspertuan. Zendako eraikin esanguratsuen berri luzea eman, zendako bereizi ezer, konjuntoa denean unitate. Osotasunean datza miraria, ez ordea bakoitasunean. Hor dela jauregi hori edo han dela beste hura? Horrela ibiltzea gainbehera jarraitzen duten altxorrak miretsi nahi izatea bezalakoa da. Zein egoeratan daude, esaterako, Portal karrikako jauretxeak, edo San Nikolas eliza, edo apaizgaitegia, edo Koxkolin inguruak, edo nola egon da almirantearen etxea gaur arte, konpontzeko zegoen diru-laguntza berari ere muzin egiteraino? Beharrik garabia dutela muntatu jada, bestenaz... Gogoan dut goizeko ordu txikietan Santa Ana egunean patroi zaharraren prozesio txikerra denean nora begira ibiltzen diren tuterarrok erraldoien atzetik. Lurrera beheiti, behera beti, lotsaizuna bailitzan hiriaz senti dutena. Eta inon badira harro, horixe baietz direla Tuteran, ondoko herrietakoek los pavos deitzerainoko. Horixe ezizen argigarria! Baina urrezko garaiak igarota, alde zahar handiegia zein pribatuegia dukete konpontzeko, eta eroria dena erortzenago egunez egun.

Tutera are anabasago izan zen, labirintoago. Egungo alde zaharrean anitz pareta dira eroraraziak, anitz indatxiki karrika zabalagori emendatuak. Eta hala eta guzti ere, alde zahar korapilatsu, trinko eta sekretuz beteko planta digu erakusten: Pasaje, Cortes, Cofrete, Albillo, Papallueca... Aukera ona duke bisitariak eliz nagusi ondoko turismo bulegoraino hurbiltzea, Roso karrikan, sartu eta gainean etxe dugunoi ebatsiriko sotoaren ederraz gozatuz, hantxe hasiera eman bisitaldiari. Hiriko tokirik zaharrenean omen da, arabiarren zoko eta judutegia izaniko etxe-multzoan. Ondoan ere ezin utzizkoa den katedrala. Tutera hiria Amrus ibn Yusuf al-Muwaladek sortu zuen 802an, medina Totila, erdarazko tutela edo guardia, Al Hakan I.a erregearen agintaldian. Alfontso Berrezarriak kendu zien arabiarrei 1119an, eta mezkita zenaren gainean Antso Jakitunak eraikiarazi zuen kolegiata, 1783az geroz katedrala izanen zena, Teobaldoen garaian bukaturik. Lau urteko berregitearen ostean, 2006ko irailean ireki zuten katedral orraztu berria, baina badira oraino XII. mendeko tenplua itsusten duten gehigarriak. Santa Anako kapera barrokoa ezin gauza itsusiagoa zait, kanpo aldetik ikusita behintzat, eta barka nazatela orain tuterar prestuok. Are jasanezinagoa dateke katedralaren absidea ezkutatzen duen adreiluzko itsasgarri afrusa, 36-39ko irabazleen aldean hil zirenen omenezko monumentua dena. Orain dela mende bat, bizitegiak katedralaren hormatik beretik hasten ziren, 1900eko argazki batean ikus daitekeenez –lerro hauen gainean hain justu–, egungo Ugarte plaza (plaza zaharra) den horretan. Oraino urteak beharko dira XII. mendeko abside gotiko ederraz gozatu ahal izateko. Iritsi beharrekoa iritsiko delakoan.

Kulturen mitoa eta beste

Ez da Tuterakoa asmaturiko mitoei isuri egiten ez zaion tokia, gutiz gehienekoetan agitu bezala, eta nonahiko azturari jarraikiz, hemen ere iruditeria fantastikoak veritas memorabilis horri atxiki dio fierra, eta zori oneko tokia izan da tradizio berriak sortzeko gutizia izan duten istoriogileendako. Ene gustukoena Jose Joakin Montoro Sagasti naski. Hiriko armarria zela eta ez zela, Castro Alava historiagile sonatu eta Julio Segura hiriko artxibozainaren arteko ika-mika kalapitatsua suertatu zen 1968an. Bigarrenak hiriko armarrian zikoinak eta barboak agertzea defendatzen zueno lehenbizikoak zioen ezetz, gehigarri horiek tokiz kanpo zeudela benetako armarria zen Ebro gaineko zubian. Eztabaida bukatua bide zegoela Montorok irekiarazi zuen, eta barboak ez, esturioi edo solloak baizik, eta hirian kabiar made in Tudela egitearen aldeko apustua defendatu zuen. Historialariak amua irentsi, eta Montorori erantzun zion eskandalizaturik. Zenbait oraino dabil karkailaka.

Montorori zor diogu kristau, arabiar eta judutarren arteko armonia. Sinesmen hori sortzeaz gainera bultzatu ere egin zuen, eta festetako aldizkaritxoan agertu zituen hainbat kolaborazio horren oinarrirako, 1950-1962 urte bitartean: hari esker dakigu nolatan iritsi ziren esparragoen haziak Bagdadetik Tuterara, Abutxafar Admed poeta itsu tuterarraren berri dugu, edota irakurtzerik daukagu emakume bizardunaren aldrageria. Bestalde Montoro izan zen Tuterako Benjamin judutar bidaialaria herrikoitu zuena, bidaia handiari Tuteratik hasiera eman zioneko zortzigarren mendeurrena zela bide, Verjas karrikan oroitarri ezaguna jarriz. Historia eta istorio guzti horien bilduma Algaraibis tutilis izenburupean agertu nahi izan zuen, baina ez zitzaigun iritsi, eta beraz, hemeroteketan sartu ezean Montororen ondarea ezagutzeko modurik hoberena Plaza Berrian pausatzea da, eta hormetako azulejo polikromatuei begira egon. Hantxe daude Tuterako leinuen armarriak eta zezen plaza zenekoa oroitarazten duten zezenketa margoak. Esne merengatu baten gozoaz, esaterako, gutizia.

Mejanari so

 

Garai pollita dugu udaberrikoa Tuterara bisitari hurbiltzeko. Uda lehorregia ohi da itzal babesetik abiatzeko, eta negua zakartzen du zierzo deitzen duten ipar haize hitsak. Erriberako bedatsea bereziki koloretsua da, fruta arbolak loretan, lehenbiziko epelaldi gozoak baikortasuna dakarrenean. Tuteran barazki egunak dira, jornadas de exaltación de la verdura, apirileko azken astean eta maiatzeko lehenbizikoan: alkatxofa azkenekotan da baina oraino aukera dago barazki magikoa dastatzeko, menestran zein egosirik zein frijituta; esparragorik hoberenak orain ditugu, los de abril p´a mí, los de mayo p´al amo, los de junio p´a ninguno; babak, ilarrak, tipuletak, lekak... Nik gehiago estimatzen ditut uda beroko tomateak, festetan entzierro ostetik piper biziekin su txingarretan erreta egiten dituzten tomate puxka horiek, baina garaian garaikoa behar.

Anitz ekitaldik osatzen dute egitarau ofiziala, baina egunotan ez dago tabernaz taberna, elkartez elkarte alderrai ibiltzea bezalakorik; batean pattarretan egosiriko tipuletak, bestean ziazerba erreak gasnarekin, ardo xuri gozoz zein beltz garratzez, edota bertako gorri dotorez.

Barazkien berezko jatorria Mejana da. Segur aski ere Kristoren lignum crucis erlikiarekin gertatu antzera, munduan diren guztiak elkarturik Irati basoa txiki gera litekeela, hemen ere Mejanakotzat saltzen den barazki oro kontuan harturik, Mejanaren tamainak Nafarroa osoa baino handiagoa beharko luke. Alabaina Mejana bada, edo badira, izan ere, mejana hitza generikoa baitugu, arabieratik helduriko hitza inondik inora, eta urandian geraturiko uharteei deritze. Guziarekin bakarra da Tuterari ospe eman diona, Gurutze Santuko Mejana alegia, Ebro eta Molinar ubidearen artean dagoena. Jotak honela kantatzen dio: Pamplona tiene cadenas / Y Tudela su Mejana / Pero tú a mí no me quieres / Porque no te da la gana.

Alabaina Mejana ez dute beti halako estimuan izan. Arras ongi dago dokumentaturik zein nolako borroka latza izan zuten tuterarrek urandiarekin Mejana sor ez zedin XVII. mendera arte gutxienez; azkenik 1666ko irailean erabaki zuen hiriak Mejanako berroa goldatzen hasteko. Tartasen urte emankorrean hasiera eman zitzaion beraz munduko baratze famatuenetariko bati. Geroantzean Ebrok ekarririko lohiek lur zati berria osatu zuten Mejanako iparraldean, la Mejanica deitzen dena; bi mejanen artean 655 erroboko baratzea dago, Ebrok lohi gehiago ekartzen duen bitartean bederen.

Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude