Depresioa, beheraldia edo lotarako ezina badituzu, edo artega bazaude eta egoera horri buelta eman eta suspertu nahi izanez gero, vetiveraren esentzia erabili (Vetiveria zizanioides). Lasaitzeko, landare horren esentzia olioa aparta da. Bainuan edo igurtzika, giharretako mina, zahartrosia eta erreuma ere eztitzen ditu. Vetivera duen koloniaz busti erruz erretena; agidanean, haren usaina luzaz aditzeak gorputzaren lan organikoak orekatzen ditu eta odolean globulu gorriak ugaritu. Azken horiek oxigenoaren garraioaz arduratzen dira eta etengabe, segundoro bi milioi sortzen dituzten hezurretako muinen lana areagotzen du. Oxigeno gehiago eta anemiarik ez. Baikortasuna, kemena eta nerbioen erresistentzia indartzen ditu eta tristura malenkoniatsuari aurre egiten dio. Erretolika hau irakurri ondoren, vetiver esentzia bera edo osagai duen lurrinen usainean mugitu eta pra-pra busti paparra! Non aukeratua bada... Bapo lurrinduta dabilenak ez al dute beste zer edo zer adierazten? Beste poz bat. Batzuentzat den mendrena bada ere, poza.
Gaur egun, ehorzketa giro honetan, mendreena ere poz. Ea udaberriarekin elkar hartu eta bazter guztiak hartzen ari den funtzio-kirats hau uxatzen dugun. Horixe egiten saiatzen dira Iparraldetik iparraldera maiatzaren lehenean. Langileen egunekoa baino askoz ere zaharragoa den ohitura berritzen da. 1561ean Charles X.ak bere azpietan zebilzkien emakume guztiei lore bat eskaini zienekoa. Lurringintzan estimatuenetakoa den lorea elkarri oparitzen diote: sortatxo polit bat mugeta (Convalaria majalis). Mugeta ezaguna da Euskal Herrian, Araban batik bat. Baso xareetan udaberriari tapiz zuria hedatzen dio. Arra bete inguru hazten da eta hosto luzanga pare baten altzoan, gara batean aldera karga, buruz behera, dantzari, lore zuriak ditu. Usaina? Ahaztezina! Haren esentzia makina bat lurrinetan airoso asko dabil.