argia.eus
INPRIMATU
Okerman
«Dudaren militanteak gara, ez dugu uste zuzentasun objektiborik existitzen denik»
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2021eko uztailaren 12a

“Demokrazia jasangarria”. Gustatu zait esamoldea...


Bizi dugun gizarte-ekonomia eredua ez da jasangarria, oihaneko lege zaharra –ahula hil dadila, indartsuena bizi– kutsu sozialdun mozorroz saltzen da. Ahula babestea, eta era berean gizabanakoen arteko konpetentzia, ezinezko oreka bihurtzen dira. Sozialdemokrazia saltzen da orekaren sustatzaile.

“Ez dauka grazia, baina bai farmazia”. Antiheroiak asko drogatzen dira?


Antiheroiak biziki sentiberak dira, eta gaur egun sentiberatasun emozionala ahuleziatzat har daiteke konpetentzia basatiak zuzentzen duenean. Sentiberatasun hori zikiratu ezean, ingurua goxatzea besterik ez da geratzen, bakoitzak ahal duen moduan…

Zuzena existitzen al da?


Guk gure burua “duda”-ren militantetzat dugun partetik, ez dugu uste zuzentasun objektiborik existitzen denik. Autoerrebisio etengabe batera bultzatzen zaitu.

Zergatik desertuko irudiak? Han ezer ez da perfektua/zuzena?


Egunerokoan mila bionboren atzean bizi gara. Desertuan bakarrik zaude, eta bakarrik zaudenean ez dago ez aitzakiarik, ez gezurren beharrik. Zu eta zure buruaren arteko bakarrizketan aurki zenezake zarenaren funtsa. Ezin beti bakarrik egon, baina noizean behin osasuntsua izan daiteke.

Okerman “ez da inoren zain” egon, lan hau grabatu eta kaleratzeko? Anti-todo-a da?


Anti-todo-a baino, guretzat antidotoa da (kar, kar, kar); gure barne korapiloen lasaitzea eta gure desioen egiaztatzea. Gustatzen ez zaizkigun makina bat gauza egiten baditugu, gustatzen zaigunari intentzio berezia jarri beharko zaio, ez?

Kantu gehienek malenkonia kutsua daukate. Triste da Okerman?


Batzuetan bai, baina ez beti. Energia handiko tipoa da, zer ez duen nahi badakiena, eta nahi duena etengabe bilatzen duena. Nahiz eta horrek etsipen handia ekarri batzuetan, une gozoek distira berezia dute kostatakoak eta sentituak direnean.