Datorren ostiralean Maiatzaren Lehena ospatuko da mundu osoan. Urteurren honek 1886ko maiatzaren 1ean du jatorria. Egun hartan, Ameriketako Estatu Batuetan greba orokorra burutu zuten zortzi orduko lanaldiaren alde, 18 ordu edo gehiago lan egin ohi baitzuten. Matxinadaren buru Chicago izan zen, etorkin asko jaso zituen hiria –errusiarrak, poloniarrak, irlandarrak, alemanak, frantziarrak...–. Poliziak gogor zapaldu zuen mobilizazioa, grebalari asko tiroz hiltzeraino. Kaos betean, ustez poliziaren aurka jaurtitako bonbak eztanda egin zuen eta polizia bat hil zen. “Haymarket-eko atentatua” deritzon gertaera horren ondorioz, sei langile atxilotu eta epaitu zituzten, baina ez zuten inoiz frogatu errudun zirenik. Sei langileei “Chicagoko martiriak” izena eman zitzaien. Sei langileak urkamendian hiltzera kondenatu zituzten, horietako biri heriotza zigorra kommutatu eta, horren ordez, betirako bortxazko lanetara kondenatu arren.
Parisen, 1889ko uztailaren 20an, Bigarren Internazionalaren Kongresu Konstituzionalaren amaieran, 1890eko maiatzaren 1etik aurrera Lanaren Eguna ospatzea erabaki zuten, zortzi orduko lanaldia eskatuko zuten herrialde guztietako manifestazioak burutzeko eta Chicagoko gertaerak oroitzeko. Joan den mendean zehar, egun hau askotan ospatu zen eta, beste askotan, zapaldua izan zen, hala nola Espainiako Estatuan Francoren diktadura bitartean. Egun, 2009an, egoera bestelakoa da. Hala ere, iaz azaleratutako krisialdi ekonomikoak langabetu, hipotekatu zein prekario kopuru larriak eragin ditu, eta horrek guztiak aurretik sumatu ezin diren ondorioak ekar ditzake.