argia.eus
INPRIMATU
Laneko segurtasun eta osasuna
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Apirilaren 28an, mundu osoan ospatu da Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna. Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera 5.500 langile hiltzen dira egunean lan istripuengatik eta beste milioi batek lan istripuren bat jasaten du. Hau da, hamabost segundoko langile bat hiltzen da eta beste 160k istripua izaten dute edo gaixo jartzen dira. Egun honek balio izan du gogoratzeko lan istripuen gaitza lantokietan. Modu berean, balio izan du salatzeko Patronalaren eta administrazio publikoen ardura, judiziala barne, profesional eta langile horien heriotza eta gaixotasunetan. Sindikatuek eta langileek berek ere onartu beharko lukete beren erantzukizuna, ez dituztelako betetzen edo betearazten laneko segurtasun arauak.

Euskal Herrian 112 langilek galdu zuten bizia 2008an eta aurten, jadanik, 21 hil dira. Nazioarteko Egun hau, aldiz, amianto hiltzailearen arazoak bete zuen, azken urteetan euskal langileen bizitza ugari eraman baititu. Horrela, CAFen langileek bi orduz gelditu zuten beren lana, ofizialki amiantoak hil dituen 45 langileen alde bildu ziren eta eskultura bat jaso zuten haien oroimenez. Amiantoaren eragina jasan dutenak askoz gehiago izan daitezke, langileak pixkanaka hiltzen dituen materiala baita. Sindikatuen tinkotasunari eta familiei esker, kutsatutakoak agerian jartzen ari dira enpresetan. Langile eta sindikatu guztien xedea izan behar luke behin-behinekotasunaren, prekarietatearen eta gaitz profesionalen kontra, bai eta osasunaren eta lan segurtasunaren alde borrokatzea. Laneko segurtasun eta osasuna ziurtatzea Patronalaren eta administrazio publikoen –judiziala barne– betebeharra izan behar luke.