Prentsan lan egin duen edonork badaki zein zaila den gai batzuei buruz informazioa labur, zehatz eta argi ematea. Eta batzuetan zailtasuna ezintasun bihurtzen da kazetari arruntarentzat: espezializazioa beharrezkoa da momentu horietan. Horixe da, hain zuzen ere, liburu honek erakutsi nahi duena: kazetaritzaren kale estu ugarietan lasai moldatzeko gida duzu Kazetari aditua unibertso digitalean liburua. Txema Ramirez de la Piscina EHUko irakasleak egin du liburuaren edizio lana, eta hainbat kazetarik lagundu diote mamia osatzen. Batzuk aipatzearren: Imanol Murua, Arantxa Iturbe, Jose Mari Pastor, Beñar Kortabarria...