argia.eus
INPRIMATU
Elebidunak gehiago, hitz egiten dutenak ez
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2013ko maiatzaren 06a
Eusko Jaurlaritzak egin duen IV. Mapa Soziolinguistikoak 2006ko biztanleria datuak hartu ditu kontuan. 1981ean (I. Mapa orduko datuekin egin zen) baino 325.000 elebidun gehiago ziren 2006an. Beraz, 25 urtean elebidunen kopurua %15 hazi da. Beste era batera esanda, 2006an EAEn 755.640 biztanlek zekiten euskaraz. Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa gehituz gero elebidunak 873.000 dira. Gazteak dira batik bat euskara ikasi dutenen multzora gehitu direnak. 1981ean 15 urtez azpiko %20ak zekien euskara eta 2006an %75ak.

Euskararen ezagutzaz honaino. Eta erabilera? Esparru publikoan ari da tokia irabazten, baina etxean euskara erabiltzen dutenen kopurua ez da hazi azken 15 urteotan. Baztarrika HPSko sailburuordeak ondokoa esan zuen irratian IV. Maparen harira: gero eta gehiagok ikasten du euskara, gero eta gehiago darabilgu esparru publikoan, baina etxeko sofan gaztelaniaz ari gara. EAEko herritarren %78,5ak gaztelania darabil nagusiki etxean eta %13ak euskara.