Koadrila lasaia

  • Antzina Zuiako harana aintzira handia zela jakitean harritu egiten da norbera. Baina bere paisaien berdetasunaz jabetu eta gero, irudimena martxan jartzea ez da hain zaila. Araba iparraldean gaude, Gorbeiaren hegoaldeko aurpegiaren magalean. Herrixka txikien, urtegien eta mendien ingurunea da Zuiako koadrila.
Zuia (Araba)
Urduña aldetik Murgiarako bidea hartuta sartu gara Zuiako koadrilan. Lehen geldiunea Goiuri –edo Gujuli– herrixkan egin dugu. Herritik irten eta lasterrera Altube ibaiaren ur-jauzia ikus daiteke. Autoa utzi eta kilometro erdiko bidexka egin ostean heldu gara behatokira. Eguzkiak gogor jo du azken egunotan eta ur-jauzian ez da ur askorik ikusten; uraren indarra nabari da ordea, 100 metro baino gehiagoko garaieratik jausten da eta harria higatu duela ikusten da. Denborarekin harkaitza jan du urak eta litekeena da ur-jauzia gero eta atzerago egotea urteak joan ahala. Goiuri erdi zintzilik dagoela dirudi, amildegian erortzeko zorian balego lez.

Goiuritik Murgiara joan gara. Zuia udalerriko herriburura. Bertatik bi santutegirako osteratxoa egin daiteke: Jugatxira eta Oroko Andra Marira. Bigarrena aukeratu dugu guk. Zuiako zaindaria da ama birjina hori, eta ez dago oso argi Oro hitzaren esanahia. Or- aurrizkiak altuera esan gura du euskal toponimian, eta izenak jatorria hor izan dezakeela diote aditu batzuek. Bitoriano auzotik bi kilometro eskasera dago Oroko Santutegia eta autoan joan daiteke bertaraino. Oinez ere egin daitekeen bidea da, auto askorik ez baita pasatzen. Gora heltzean baina, izango dugu ingurutik ibili eta bazterrak ikusteko aukera. Kareharriak egiten dituen eskailera naturaletan gora eta behera, Zuiako koadrilako bista onenetakoaz goza daiteke gain txiki horretatik. Zuia udalerria ederto ikusten da bertatik. Eguraldiak lagunduz gero, lasaitasunaz eta pasaiaz gozatzeko leku paregabea da.

Murgiara jaitsi, eta bertan, hainbat kontu daude ikusteko. Eztiaren museoa bisitatu genezake, esaterako. Han ikusiko dugu Gorbeia inguruko eztia non eta zelan egiten den. Gure arbasoek erlauntzean erabiltzen zituzten tresnak daude museoan, eta zelan moldatzen ziren ikasteko aukera dugu. Eztiaren museotik irten, eta gura izanez gero beste txango bat egiteko aukera dago Murgian. Jugatxiko santutegiraino osteratxoa egin daiteke, eta bertatik Zuiako parajeez berriro gozatu. Gorbeia mendia ere bertan dugu, eta Parketxean Gorbeiako Parke Naturala gehiago ezagutzeko interpretazio zentroa dago. Bertara ailegatzeko, Murgiatik Sarriarako bidea hartu behar da.

Arabak ez du itsasertzik, baina bai kostaldea

Zuiako koadrilak herrixka txiki ugari dauzka, eta horietan nekazal turismoa egiteko aukera asko dago. Autoa hartu, Murgiatik abiatu eta Zigoitiko Udalerrirantz jo dugu. Herri txikien lasaitasuna maite duenak bertan du paradisua. Ezinbestean Manurga nabarmendu behar dugu: Gorbeiaren hegalean kokatuta, haran osoko ikuspegi ederra dugu handik. Eraikin esanguratsu batzuk ere gordetzen ditu herriak, Hurtado de Mendozaren dorretxea edo San Martin eliza esaterako.

Aurrera egingo dugu, Zuiako koadrilaren bereizgarritasunetako bat aurkitu arte: urtegiak. Herrixkak kostaldeko herri bihurtzen dira hiru urtegiren inguruan: Ullibarri-Gamboa, Urrunaga eta Albina. Zigoitia ingurutik etorriz gero, lehenengo ikusiko duguna Urrunagakoa da, Legutianon. Bertan piraguan ibiltzeko aukera dugu, adibidez Elosu herrixkan alokatuta. Lasaia da lekua, harrizko kala txikiz betea.

Ullibarri-Gamboako urtegia, Arrazua-Ubarrundian, handiagoa da. Hemen askoz ere jende gehiago dabil joan-etorrian. Izan ere, urtegi horrek oinez edo bizikletaz ibiltzeko ibilbide atondua du inguruan. Urtegi osoari buelta ematen animatzen denak 45 kilometro egin ahalko ditu. Larregitxo dela irudituz gero, lasai, ibilbide txikiago bi ere badaude: 33 kilometrokoa luzeena, hamabikoa laburrena. Dena dela, urtegiari buelta eman barik herrixkatik herrixkarako ibilbidea ere egin daiteke. Adibidez, Ullibarri-Gamboatik Landarako bidea ederra izan daiteke joan eta etorri egiteko. Bi herrixketan, atseden hartzeko eta mokaduren bat hartzeko aukera izango dugu. Baita Aramaion ere, urtegietatik iparrerantz joanda. Bera da koadrila –eta Araba– osoko herririk euskaldunena, eta gainerakoek bezala, hainbat opari ditu begientzat. Arangioko mendilerroak, Urkiolako Parke Naturalaren bihotzean, paisaia ikusgarriak eskaintzen ditu. Anbotoren tontorra ere ez dago urrun ibiltari adoretsuarentzat, Bizkaiko lurretan egoteagatik.

Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude