Eric Hobsbawm (Alexandria, Egipto, 1917), historialari marxista ezaguna eta mugimendu sozialei buruzko erreferentziazko ikerlanen egilea, Interesting Times izenburuko liburu autobiografikoa prestatzen ari da azken urteotan. Horregatik, 2007an, lan horren akatsak zuzentzeko eta datuak egiaztatzeko, bere espedientea eskatu zion MI5ari –espediente mardula, historialariaren ibilbide komunista kontuan hartuta–, baina inteligentzia zerbitzu britainiarrak ukatu egin dio. Hobsbawmentzat harrigarria eta ulertezina da MI5en jarrera. Lord Lawrence Lipsey gobernu laboristen aholkulari ohiaren ustez, ordea, bada arrazoi ezkutu bat: MI5ak zenbait garaitan zein trakets jokatu duen agerian utziko luke espedienteak.