Nukleoaren oreka
Europako integrazio politikoa da globalizazioari aurre egiteko orduan funtzionatzen ez duena. Marshall planarekin Norvegiatik Greziara hedatu zen integrazio ekonomikoaren kontra, integrazio politikoaren bihotza herrialde kontinentalen nukleo batera hertsita egon da. Oinarrian, Alemaniara, Frantziara eta Italiara (...) Bernard Conollyk, Maastricht-eko Itunaren kritiko Tatcher zale basatia bera, horrela laburtu zuen Itunaren onarpenak ekarritako oreka: industria alemaniar handiek Europako merkatuko boterea eskuratu nahi dute; Frantziak, horrelako kapitalismo baterako ahalmenik ez duenez, bere estatu aparatu hobea erabili nahi du erakunde europarrak kontrolatzeko eta, modu horretan, Alemaniari kentzeko esparruak ematen dion nagusitasuna. Ikuskera horrekin bat egiten dut (...) Nire ustetan, arazoari aurre egiteko modu bakarra hurbilketa federalista da. Baina horren aurka daude bai estatuak, baita botere ekonomiko eta politikoa biltzen duten enpresen zati handi bat ere: ulertu al liteke Mediaset edo Fiat Italiako estatuaren laguntzarik gabe?
Joseph Halevi, Sidneyko Unibertsitateko Ekonomia Politikoko irakaslea
(Il Manifesto, Roma, 2008-VI-16)
Europar nortasuna indartzeko
Duela hilabete batzuk, Lisboako Itunari irlandarrek emandako “ez”-ak agerian utzi zuen herritar asko aldenduta daudela Europar Batasunetik eta batera egin nahi dugun bidearen ikuspegi politiko bateratuaren falta dagoela. (...) Batzuk Europa federala nahi dugu, beste batzuek truke librerako esparrua nahi dute. Batzuek erro kristauez hitz egiten dute, eta besteek balore laikoez. Batzuk nahi dute Batasuna izan dadila globalizazioaren kontrako gotorleku bat, eta beste batzuek hura sustatzeko gai izan dadila, irabaziak lortzeko. Ez gaude ados Batasunaren mugen inguruan. Orokorrean denok nahi dugu gozatu munduan ahotsa eta pisua duen Batasun baten onurez, baina gutxi gaude prest horretarako nortasun nazionalen prezioa ordaintzeko. (...) Europar nortasunaren defizita dago eta hori betetzen ez den bitartean zaila izango da estropezuak saihestea.
Carles Casajuana, idazlea eta
Espainiako enbaxadorea Londresen
(El País, Madril, 2009-II-7)
Lisboako bidegurutzea
Gaur egun, eskuin beligeranteenak eta sozialdemokraziako sektore kontserbadoreenak kontrolatzen dituzte EBko baliabide instituzional nagusiak. Hortik instantzia komunitarioetatik azken urtean egin diren lege proposamen askoren izaera atzerakoia. Eta hortik, baita ere, agertoki honek mugimendu sozialei jartzen dizkien erronkak, batez ere Europako Parlamenturako 2009ko ekainean egingo diren hauteskundeei begira. Lehen erronka, konplexurik gabeko kritika bultzatzea, ez bakarrik Lisboako Itunaren kontra; baita egun existitzen den EBren kontra ere, demokrazian, gizartean eta ingurumenean dituen muga sakonak ikustarazteko. Eta beste erronka bat, ez kaxkarragoa, kritika hori programa batekin laguntzea, estatalismora atzera egiteko sirena hotsak desaktibatzeko, eta adierazteko, azken finean, garai hauen mailan egongo den internazionalismo berri bat.
Gerardo Pisarello, Bartzelonako
Unibertsitate Zentraleko
Konstituzioaren Zuzenbide
irakaslea (Periódico Diagonal, Madril, 2007-IV-17)
Europa kuriosoa
Kuriosoa irlandarrek Lisboako Itunari egindako ukapenetik sortzen den Europa, zori berbera izan zuen Itun Konstituzionalaren bertsio berritua. Ezezkoaren aurrean, buruzagiak tematu egiten dira eta herri adierazpena ukatzen dute. Europak marka bat saltzen du, bakea, demokrazia, askatasuna, berdintasuna eta aurrerapenaren izenean, baina guda estatubatuarrak babesten ditu, behartsuak eta immigranteak kriminalizatzen ditu, konkista sozialak bertan behera uzten ditu eta beheraka berdintzen du. Eliteen Europatik beste Europa sozial bat jaiotzen ari da, besterik gabe, “ez” esaten duena.
Serge Halimi, Le Monde
Diplomatique-ko zuzendaria
(Le Monde Diplomatique, Paris, 2008-VII)
AEBetara lotua
Itun berriak, jadanik ukatua izan zen Konstituzioaren zati handiena mantentzen du. Guztiz neoliberala da, bai hizkietan, baita espirituan ere. Arintasun lotsagabeaz aurkeztu da, eztabaida publikorako aukerarik eman gabe, ez lehen, ezta orain ere, testua aski konplikatua den arren. Itun berriaren moldaketak guztien adostasuna eskatzen du, horrek esan nahi du ezinezkoa dela horrelakorik egitea. [Europar] Komisioak praktikan botere osoa izaten jarraituko du, bai legegilea, baita betearazlea ere. Europar Batasuna, legalki, Amerikako Estatu Batuetako Defentsa erakundeetara loturik geratuko da, eta horrekin bere komandante-burura, herri hartako presidentera.
Susan George, filosofoa eta ATTACeko kidea (Rebelion.org, 2007-IX-4)