Seme-alaba guztiak ez dira sabeletik jaiotzen: batzuk bai, baina besteak bihotzetik jaiotzen dira. Hori esaten da adopzioaren munduan, genetikari garrantzi handiegia ematen diotenei erantzuteko. Erantzun horri segida eman nahi izan dio Xabier Etxaniz Rojok Ekialdetik iritsi zen Enara liburuan. Ez da nazioarteko adopzio bat egiteko gida; ez da adopzioaren aldeko panfleto bat; Etxaniz Rojok dio ez duela inor konbentzitu behar, bere istorioa kontatu nahi duela, ez besterik. Eta berea Txinan gauzatutako adopzio baten kontakizuna da. Nola erabaki zuten, zergatik, adoptatzeko izan zituzten zailtasunez... Trintxerpeko idazleak lan pertsonal bezain interesgarria osatu du.