Poesia liburua da Doru de tara mea (ene herriaren oroimen). Kelillo idazleak publikatu du, Zapateneo kultur elkartearen laguntzarekin. Aurkezpen ikusgarria egin diote liburuari, zuri-beltzeko ilustrazio eta marrazki ugariz hornitu dute, eta erabilitako tipografia –eskuzko idazkeraren antza du– bikain lotzen zaio poetaren estiloari: gizarteari kritika zorrotza egin dio Kelillok liburuan. “Txustarra baten esperoan” hasiko dugu liburua; “A.M.-ko pentsamendu ilun horiek” irakurriko ditugu ondoren; “Adokin zaharrek berba egin ezkero” zer esango luketen galdetuko diogu gure buruari; eta bukaeran sententzia: “Goma errearen usaina dario kalerari”.