Urolaren bokale tropikalera Seychelleetatik iritsitakoa, hazia beharrean Vetiveria zizanioides belarraren sustrai muturren bat izan zitekeen, pagozko gilaren batean kateatuta etorria. Baita Sheychelletakoa beharrean, India, Brasil, Txina, Sri Lanka, Java edo Kaprikornio tropikoko Reunion Uhartekoa izan ere. Ez dakit nola deitu behar dugun belar hau, frantsesez bereganatu duten hinduen kus-kusa ala gazteleraz jaso duten tamilen vetivera. Biak politak baina, azken hizkuntza drabidar hori euskararekin lotzen saiatu izan direnez, vetivera. Bi kultura horien arteko guda bizi duten Sri Lankakoa da jatorriz.
Vetivera, bi metrotik gorako hostoak eta goitik behera, zuzen, lauraino luzeko sustraiak dituen belarra da. Lurrari eusteko bezala hostoz zein sustraiz tapizak, saskiak, teilatuak eta abar egiteko erabilia. Abar artean abaniko haizemaileak. Mogol enperadoreek erabiltzen omen zituzten, urez zipriztinduta. Zipriztinok inguru beroa hezetuko zuten, baina baita zizanol eta epizizanol terpenoa, intsektu uxatzaileak askatu ere. Lurringintzak barreiatu du, bai, ultramarino kolonial vetiveraren fama, Paristik barrena luze hedatutako tapiz gorrietan; Urola aldera ere urez baino lehenago iritsitakoa izango zen. Gaur egun, Frantziak ustez bere zuen Haitin eta Indiako Ozeanoaren bueltan ekoizten da. Ozeano honen tropikoan dago, Dina Morgabin arabiartua, gero Santa Apolonia portugaldartua eta azkenik Luis XIII.aren Île Bourbon eta iraultzaileen Île la Reunion gisa frantsestua izan, eta gaur oraindik kolonia duten uhartea. Mundu osoan koloniagintzarako behar den vetiver esentzia kolonia honetan sortzen da gehienbat, “Bourbon” deituriko goren mailakoa. Jakien iraunarazle ere bada, zainzuriena batik bat. Latorrizko ontzi luzexketan bai, baina vetiver gehiena lurrin flasko pinpirinetan bahitzen da. Erreskatea garesti arraio ordainduta eskumutur, lepa-zain eta erretenetan fis-fis askatzeko. Ustez itxura guztiz dirudienez, erretreta adinaren bueltakoentzat mitikoa den Chanel nº 5 lurrinaren osagai da, agidanean. Intsektuak uxatu eta gizakiak oratu.