argia.eus
INPRIMATU
Amaia Muñoa
“Jendeari ilusioa piztea globo bat puztea bezain erraza da”
Sustrai Colina 2009ko apirilaren 26a
Amaia Muñoa
Iñigo Azkona
Duda batekin bueltatu naiz etxera. Nork defendatzen ditu sindikalisten interesak? Zer gertatuko litzateke greban jarriko balira?

Izan liteke lider sindikala sekula langile izan gabe?


Enpresan langile moduan egon gabe bai, baina enpresan egon gabe ez. Nola defendituko dituzu langileen interesak enpresaren errealitatearekin loturarik eduki gabe?


Orduan zergatik ez dago ELA Iparraldean? Bertako langileak ez dituzue defenditu nahi, ala?


 Ez dugu uste egokia denik Bilbon erabakitzea Iparraldera joan, lokalak ireki, eta afiliatuak egiten hasi behar dugula. Guk nazio ikuspegia daukagu, baina hango jendeak erabaki behar du ELAk bertan egon behar duen ala ez.

Nork erabakitzen du Hegoaldeko sindikalgintza zatitzea? Krisiek baino ez zaituztete batzen!


Hori berez ez da ona, baina zertarako konpartituko dugu pankarta UGT edo CCOOrekin gure jarrera eta estrategiek zerikusirik ez badute? Sindikatu abertzaleekin ateak zabalik dauzkagu baina uneotan ez dago elkarlan indartsu baterako baldintzarik.


Hori ere ETAren errua izango da, noski.


Ezberdintasun politikoak erlatibizatu gabe, negoziazio kolektiboetan ditugun jarrera ezberdinek zailtzen dute elkarlana.

Ez esan negoziazio kolektiboek zapuzten dutela herri oso baten ilusioa...


Ez da jendea engainatu behar. Jendeari ilusioa piztea globo bat puztea bezain erraza da, baina puztu eta puztu, globoa lehertu egiten da, eta zer gelditzen da gero?


Albistegien erdian galdutako lan istripuak.


Hori tragedia da. Berebiziko garrantzia duten gaiei ez zaie araberako lekurik ematen. Lan egiteko era eta neurri zehatzekin istripu asko saihestuko lirateke. Baina hori guztia tapatzeko interesa dagoela dirudi.

Ez esan krisia jendea kanporatzeko aitzakia hutsa dela!


Krisia hor dago eta ezin da ukatu, baina etekinak atera dituzten enpresek ere kaleratu dute jendea. Egoeraz baliatu dira, eta administrazioak horretarako ateak zabal-zabalik uzten dizkienez…

Zuek ere hitzetan ekintzetan baino iraultzaileagoak ez ote zareten...


Azken urteotan, kontrakoa egozten digute. Motiborik gabe sortzen ditugula gatazkak, gure intereserako luzatzen ditugula borrokak eta grebak... Baina administrazio publikoak hori leporatzea ez daukagu kritikatzat, laudoriotzat baizik.

Gora ukabilak eta denak kalera, beraz?


Kalean indar erakustaldiak egin ahal izateko, enpresaz enpresa eta sektorez sektore landu behar dira arazoak, bestela ez du funtzionatzen. Horregatik dira gure armak antolaketa eta mobilizazioa.