argia.eus
INPRIMATU
Airez beteriko hezurrak hegan egiteko
Joxerra Aizpurua Sarasola 2009ko apirilaren 21
Pterosauroaren hezurdura
Mesozoiko aroan, lehen txoriak existitu baino 70 milioi urte lehenago, pterosauroak ziren zeruen jaun eta jabe. Tamaina txantxangorriarena eta abioi txiki batenaren artekoa zuten; txikia izanik hegan egitea eta airean nahi adina denbora irautea ulergarria da, baina handi-handiek, nola eutsi airean hezurduraren pisuari?

AEBetako Ohioko Unibertsitateko eta beste hainbat erakundetako ikerlari talde batek hipotesia plazaratu du tamaina handiko hegaztiek airean iraun ahal izatea azaltzeko: arnasketa-sistema berezia. Zenbat eta hegazti handiagoak izan, euren arnasketa-sistema gero eta handiagoa zen, biriketatik harago hedatuz. Aire-zaku gisa deskribatu duten sistema hori bizkarrezurreraino hedatzen zen hegazti txikietan; handietan berriz, hegaletako hezur handien barnean topa daiteke.

Era horretara, pisua txikitzeaz gain, hegan egiteko esfortzuak behar duen gas-trukaketa (oxigenoa/karbono dioxidoa) askoz ere errazago egiten zuten.