Koipe gutxi jatea eta ariketa fisikoa egitea. Horiexek dira oinarrizko betebeharrak kaloriak gutxitzeko, tentsio arterialari neurrian eutsi, estresa gutxitu eta kolesterol ona gehitzeko. Horrekin, bihotza osasunean mantenduko duzu.
Hormona femeninoak, estrogenoak, oso mesedegarriak dira emakumearen bihotzarentzat, kolesterola arterietan pilatzea saihesten baitute. Baina menopausia iristen denean, emakumearen gorputzak hormona horiek produzitzeari uzten dio, eta horregatik bihotza neurri batean babesik gabe geratzen da. Bizitzaren aro horretan, infartu arriskua berdindu egiten da emakumeen eta gizonezkoen artean.
Beraz, komeni da gazte-gaztetatik bizi aztura osasungarriak edukitzea, bihotza osasuntsu eduki nahi badugu.
Elikadura egokia. Koipe asko kontsumitzeak, edo gure eguneroko jan-neurrian janari kardio-babesle –arrain urdina, haziak edo fruitu lehorrak dira nagusiak– gutxi sartzeak bihotzeko alterazioak ekar ditzake. Beraz, zaindu zure pisua –gizenegi bazaude, flakatzeko neurriak hartu–, eta elikadura egokia egin, denetik janez, modu orekatuan eta mota askotako jakiak hartuz. Murriztu gatz kopurua.
Ariketa fisikoa. Saiatu sedentarismoari aurre egiten, zure adinari eta gorpuzkerari egokitutako kirol edo ariketa fisikoko programarekin. Hau oso neurri egokia da bihotza zaintzeko. Gaur egun, ariketa fisikoa zure gustukoa izan dadin aukera zabala dago: ibili –pauso arinean noski–, dantza egin, bizikletan ibili, edo igeri egin.
Tabakorik ez. Erretzaile pasiboaren bihotzak ere jasaten ditu tabakoaren kalteak, zer esanik ez zerorrek erretzen baduzu. Erretzeari uztean miokardioko infartuaren arriskuak behera egiten du. Aurreneko urtean soilik, erdira jaisten da arrisku hori.
Saihestu estres-egoerak. Bizimodu ahalik eta lasaiena egitea komeni da. Frogatuta dago estresa arrisku-faktorea dela gaixotasun kardiobaskularren kasuan.
Barre egitea, antidoto ona da. AEBetako Maryland-eko Unibertsitatean egindako ikerketa batek dioenez, barreak odol-kapilarrak zabaltzen ditu. Horrela, odola inolako arazorik gabe iristen da gorputzeko organo guztietara.