Agintea nahi du aro digitalean

  • AEBetan telebista publikoa hutsaren hurrengoa da, eta halakoxea nahi lukete Europan askok. Atlantikoaren alde honetan, baina, telebistaren tradizioa publikoa da, eta erakundeek argi dute hark bermatu behar dituela zenbait alderdi, kate pribatuek ukitu ere egiten ez dituztenak. Tarta digitalaren banaketak ere hala adierazten du.
Kate kopurua handitu du LTDak, baina aurrekontuak ez dira neurri berean hazten. Bingen Zupiriaren ustez, ETBk lau kate edukitzeak nahi eta nahi ez eragingo dio programazioaren kalitateari, txarrerako. Kaltea ahalik eta txikiena izan dadin, hori dute telebista publikoek datozen urteetako erronketako bat.
Gero eta gutxiago falta da itzalaldi analogikorako. Aldaketa handiak datoz, baina batzuek are handiagoak nahi lituzkete: telebista publikoaren beharra ezbaian jartzen du zenbaitek, Lurreko Telebista Digitalak (LTD) ekarriko duen eszenatoki berrian hura irauteak zentzurik ez duelakoan. Iritzi bigunagoek desagertzea ez, baina praktikan zokoratzea eskatzen dute. Europako erakundeek, aldiz, kontrakoaren alde egin dute apustu. LTD ezartzea kate publikoen posizioa indartzeko baliatuko da. Hala ere, ñabardurak daude joera orokor horren barruan. Gurean, esaterako, badirudi bide desberdinetatik doazela Espainiako eta Frantziako estatuen politikak.
 
Eztabaida zabalik dago, baina kate publikoetako ordezkariek nahiz erakundeek eztabaida dagoenik ere ukatzen dute. Telebista publikoa beharrezkoa dugula ezin da zalantzan jarri, eta herritar gehienek argi daukate hori, haien ustez. Eztabaida sustatu dutenak lirateke aurkako jarrerari eutsiko lioketen bakarrak: batez ere kate pribatuak. Haiek ez dute eskatzen telebista publikoa desagertzea, baina bai lehia komertzialetik erabat kanpo geratzea. Hitz lauz, iragarki bakarra ere ez dezatela eman. UTECAk, Espainiako kate komertzialak biltzen dituen elkarteak, hala du eskatua hainbat aldiz, arrakastarik gabe, bistan denez. Aitzitik, espainiar kate publikoei zerbait leporatu badakieke publizitate gaindosia da. Ondoko datua esanguratsua da, orain dela bost urtekoa izanagatik: Europar Batasunean, TVE eta La 2 dira publizitate gehien ematen zuten hirugarren eta bosgarren kateak, hurrenez hurren. Gaurko errealitatea ez da oso bestelakoa.
 
UTECAren eskakizunei entzungor ageri da, beraz, Madrilgo Gobernua, eta telebista munduko eragile askoren babesa du. Denak bat datoz: ezin zaio eutsi espainiar telebista publikoari publizitaterik gabe, gaur egun. Pentsa, Europan iragarki gehien ematen duenetakoa izanda ere, 7.000 milioi euroko zorra pilatzea lortu dute –datua RTVE osoari dagokio–. Orain arteko filosofia, eta hemendik aurrera ere izango dena, “erdia publizitatea eta erdia erakundeek emandako dirua” da; subentzio publikoa, beti ere, kateak aldez aurretik ezarritako zeregin batzuk betetzearen menpe dagoela. TVEk bakarrik ez, hala funtzionatzen dute ETBk eta Kataluniako telebistak ere.
 
Nicolas Sarkozy bat edukitzearekin amets egiten du beharbada UTECAk. Frantziako presidenteak, berak bai, erabaki du telebista kate publikoetan ez dela publizitate arrastorik behar. Lehen urratsa emanda dago: gaueko programazioak iragarkiz libre behar du aurtengo urtarriletik. Eta 2011rako, telebista analogikorik gabeko aroa hastearekin, Sarkozyk guztiz ezabatuta nahi du publizitatea kate publikoetatik. Askok leporatu diote azken helburua telebista publikoa pribatu bihurtzea dela, berak ukatu arren. Kontuak kontu, eskuindarrak dira telebista publikoa sobera dagoela ozenkien esaten ari direnak. Neoliberalismoaren aldarrietako bat da, edo begira bestela Jose Maria Aznar eta enparauen GEESek (Grupo de Estudios Estratégicos) bere web orrian zer dioen, gaiari buruz. Eta Aznar agertu zaigunez gero, ez legoke sobera gogoraraztea Madrilgo autonomia erkidegoko PPk –berak du boterea han– bertako kate publikoa pribatizatzea duela helburuetako bat.
 
Europak telebista publikoa nahi du

Europako haizeak kontra ditu GEESek ordea, Sarkozyren eta PPren asmoak gorabehera. EBn, kate publikoak nabarmendu dira –euren gobernuen aginduz– LTDa sustatzen, eta LTDak leku handia izango du kate publikoentzat. Espainiako Estatuan, esaterako, zortzi kanal izango ditu TVEk, pribatu handiek berriz launa. Argi dago banaketak noren alde egiten duen. Baina, nola egokituko dira telebista publikoak aro digitalera?
 
“Lehenik eta behin, ikusi beharko da itzalaldi analogikorako emandako datak betetzen diren”, dio eszeptizismo apur batez Bingen Zupiria ETBko zuzendariak. “Hortik aurrera, guk daukaguna da Jaurlaritzaren eskaria lau kate betetzeko, alegia, geneuzkan biei ETB3 eta ETB4 gehitzeko”. Jakina denez, bata martxan dago iazko larrazkenetik, besteak aurtengoan ikusi behar luke argia, ondo bidean.
 
LTDak eskaintza zatikatzea dakar, eta telebista operadore handiak, hainbat kanalen jabe direnez gero, behartuta daude horiek betetzera bata bestearen klona izan gabe, noski. Ez da inolaz ere mesedea, pribatuentzat ez behinik behin. Edukiak sortzeko dirua behar da, eta haiek negozio egiteko daude, ez beste ezertarako. Ustez, telebista digitalaren ezaugarri behinenetakoa izango da gaikako kanalak sortzea, baina espainiar kate pribatu handiak uzkur ageri dira horretan. Nolanahi ere, Bingen Zupiriaren iritziz borroka nagusiaren ring-a eduki orokorrak izaten jarraituko dute. “Liga moduko bat eratuko da, bi mailarekin. Bospasei indartsuenak lehen mailan egoteko lehiatuko dira, audientzia handiei eta publizitate sarrera handiei eusten, eta hori egin duenak derrigorrez aritu behar du eduki orokorrekin”. Hots, orain arte bezala, gutxi gorabehera, baina pastela askoz gehiagoren artean banatzeak dakartzan arazoekin. Horregatik diote kate pribatuek ez dela zilegi, publizitatearen negozioa guztientzat mehetuko den honetan, telebista publikoak ere jatea aska horretatik.
 
Kalitatearen kaltean, zenbateraino?

ETBk kanal bi gehiago, bai, baina aurrekontuak ez dira noski hein berean hazten, are gutxiago buru gainera erortzen ari zaigun zaparradarekin. Ondorioa ezinbestekoa da: gastuak doitu beharko dira, eta programazioaren kalitatea jaitsi egingo da. Zerbait badaki horretaz Carles Mantecak, Televisió de Catalunyako antena eta programazio zuzendariak; han bost urte daramate bost kanalekin, bata orokorra eta besteak arlo zehatzei begirakoak. “Kalitatea jaisten dela?”, diosku, “bai, baina kalitate mota bat baino gehiago dago (teknikoa, edukizkoa...), eta ikusi behar da zeini eusteko egiten den ahalegina. Gure kasuan, seguruenik, berrikuntzaren kalitatea da galtzailea, alegia, programa batzuk errepikatu behar ditugu, ordutegi desberdinetan. Baina edukizkoari, hori baita garrantzitsuena, nola edo hala eutsi behar zaio, nahiz eta epe motzean oso litekeena den hura ere gutxitzea”.
 
Bide batez, telebista publikoen beharra zalantzan jartzen dutenez edota iragarkirik gabekoa behar lukeela diotenez galdetu diogu Mantecari. “Hogei urte da kate publikoak eta pribatuak elkarrekin bizi direla eta orain, LTDa datorrelako, hori aldatu behar dela esatea oportunismoa iruditzen zait”, erantzun digu. Eta ikuspegi ezustekoa eman digu publizitateaz, Euskal Herrirako ere balio duena: bizirauteko diru iturri ezinbestekoa izateaz gain, Televisió de Catalunya da iragarkiak katalanez emateko aukera eskaintzen duen euskarri bakarra, beraz hizkuntza aldetik ere garrantzitsua da mantentzea.
 
Kataluniatik irten gabe, Santiago Ramentolekin hitz egin dugu. Hango Ikus-entzunezkoen Kontseiluko (CAC) kidea da, eta oso iritzi argia agertu digu UTECAk galdegiten duen publizitate banaketa berriaz: “Obszenitate hutsa da kate pribatuek hori eskatzea, urtetan dirutza ikaragarria irabazi dutela jakinda”. Ramentol, hain zuzen, zerbitzu publikoaren bermearen arduraduna da CACen. Dioenez, azken batean horixe bera da, zerbitzu publikoa, eztabaidaren muinean jarri behar dena, eta telebista publikoen iraupena justifikatzen duena.
 
Zerbitzu publikoa ematea balore jakin batzuk defendatzea eta zabaltzea dela ontzat emanda, eta kate pribatu batzuek, sarritan, balore horien aurka jarduten dutela salatu eta gero, honela dio Ramentolek: “Nola egin ordea? Filosofia horri eusteak nahi eta nahi ez ikusle askorengana iristea eskatzen du; orduan, gutxi batzuei zuzendutako edukiak ere egin behar ditu telebista publikoak?”. Berak erantzun dio bere buruari: “Helburuak izan behar du audientzia handiengana ailegatzen den telebista, beraz audientzia hori erakartzeko kalitate altua duena, eta gainera zerbitzu publikoari dagozkion betebehar guztiak asetzen dituena”. Gehiegi eskatzea da? Bada, existitzen da ezaugarri horiek guztiak dituen telebista, eta hortaz besteek badute nondik ikasi. BBC du izena.

Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude