Nagore Legarreta
I
Zergatikan da sorginen ehiza
nork egin du pekatua?
Edalontzia gainezkatzeko
aski da azken tantua.
Madrilen bertan egokitu zait
sua, buila ta kantua
berriz kalera irten ote da
inkisizio santua?
II
Abortoaren legeagatik
omen daude horren estu
beren bidetik irtetzen dena
gurutziltzatzeko prestu.
Fanatikoen joera honek
hanka ta bururik eztu,
jaio direnak kondenatzeko
jaio aurretik babestu.
III
Ez naiz fededun, hala izaten
ez zidaten erakutsi.
Zeuon jainkoa, zeuon etika
ez daukazue zer hautsi.
Zeuok pentsatu nor gurtu eta
non muin eman, zer igurtzi
sinismenari jarraitu eta
besteok pakean utzi.
IV
Berdin berdin zait Jesus jainkoa,
Haile Selasie nahiz Ala.
Hoien guztien gainetik dago
askatasun pertsonala.
Ez det eskatzen inork pentsatu
dezan nik esan bezala
baina bakoitzak bere barrua
berak goberna dezala.
V
Hori ahaztuta gaur eztabaidak
beste bide bat hartu du
gaiaren muina eurek nahi duten
terrenoan jarri dugu.
Uste nuen hau gainditu zela
gaur bostehun urte inguru
baina zenbaiti begiratuta
ez nago horren seguru.
VI
Hedabidetan irten direnei
norbaiti haur bat ostuta
gomendio bat eman nahi diet
barrurik ezin hoztuta:
Basakatua jarri duzuen
karteletikan moztuta
sotanapean sartu zazute
azkazalak zorroztuta.
Doinua: Apelidua Olazabal det.