Piztu Ezazu Argia 970x90

 Kultura 

Julio Soto

"Bertsoarekin gaixo nago"

Bertso udalekutara etorri zenean, bertsotan hasi berria zen eta bera zen gehien kantatzen zuena, ixildu gabe. Irazu azaldu zen bisitan. Itzal bihurtu zitzaion egun osorako, eta Urbasako ibilia galdezka egin zuen. Udalekutatik bueltan amarekin presentatu zen Xenpelar Dokumentazio Zentroan, material erdia eramateko. Aurten, errima batera izan du Nafarroako txapela.

Estitxu Eizagirre

2180. alea
2009-04-12
alde 0    kontra 0
Get the Flash Player to see this player.

Nafarroako txapelketako finalaz “saio bat” dela esaten da. Zuk nola bizi duzu?


Niretzat festatik ez dauka ezer txapelketak. Asko prestatu dut. Baina finalean bai jendeak eraman egiten zaituela; nik adibidez, desenpatean txapela ahaztu egin nuen, eta Silveirak esan zidanez, berak ere bai. Festa bat dela esaten da, baina nik uste hori aho txikiarekin esaten dela, asko jokatzen delako, eta festa bertsolarientzat baino gehiago publikoarentzat da.

Nafarroako bertsolaritza nola ikusten duzu?


Manolo Arozenak eta garai hartan ibili zirenek lan handia egin zuten. Lan horretatik belaunaldi bat atera zen, Estitxu Arozena, Xabier Silveira, Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez... Atzetik etorri da beste bat, Jon Barberena, Erika Lagoma, Julen Zelaieta... Lan handia egin da, baina oraindik asko dago egiteko. Bertso maila asko igo da, baina iruditzen zait falta dela beste koska bat. Gu Goikoetxearekin ematen saiatu garen salto hori jende gehiagok eman behar duela uste dut. Final ona izan zen baina falta zaio beste estutualdi hori, mailaz igotzeko.


Nola prestatu duzue jauzi hori Arkaitz Goikoetxearekin?


Estitxu Arozenarekin 15etik 18 urtera aritu nintzen ikasten. Arkaitz Goikoetxea Nafarroara etorri zen bizitzera, eta Arozenak esan zidan ikusten zuela beste jauzi bat eman behar nuela, eta aukera zegoela Goikoetxeak jauzi horretan laguntzeko. Terreros, Oier Lakuntza, Saioa Arkaitzarekin biltzen naiz, eta txapelketarako astean behin bildu naiz Arkaitzekin bakarka. Beste era batera lantzen dugu bertsoa: Txirritaren bertsoak ekartzen zituen landuta, eta azaldu zigun eszenifikazioa bertsoan, konkretutasuna... Azken bi urteotan errimarekin ere gaixo ibili naiz: lehengo urtean Silveirak esandakoa probatu nuen, jartzen nituen errimak paretan. Aurten egin dut hori, baina baita ere egin ditut Egañaren margarita horietakoak [hitzak kategoriaka sailkatzea].


Zaletasuna etxetik datorkizu?


Nire amaren osaba bertsolaria zen. Gorriti esaten zioten, eta txapelketan parte hartu zuen bi edo hirutan. Baina ez dut etxetik jaso bertsoaren zaletasun handirik. Bertsoa entzun eta erakargarri egiten zitzaidan, eta hamabost urte nituela etorri ziren Estitxu Arozena eta Estitxu Fernandez ikastolara bi eguneko ikastaroa ematera. Ingeleseko irakasleak beti eskatzen zidan bertso bat azterketa bukaeran. Eta berak animatuta ikasturte bukaeran hasi nintzen bertso eskolan, eta uda horretan joan ginen bertso udalekutara. Hiruzpalau urtez Arozena izan nuen irakasle.


Bertso eskolan asko zortzi-hamar urterekin hasten dira. Zu hamabostekin hasi zinen, baina buru-belarri. Bertso gosea nola asetzen duzu?


Xenpelar Dokumentazio Zentroan urtero hartu ditut aurreko txapelketetako bertsoak, 92koa, 96koa, aurten aurreko Txapelketa Nagusiko bertso guztiak, eta Lazkao Txikiren saioak, Arzallusenak, Egañarenak... Lasarteren kaseteak... Bertso asko-asko-asko entzuten ditut, gozatzen dut pila bat. Lazkao Txikiren bertso pila bat badakizkit buruz, bere bi liburuak ere irakurri ditut, Xalbadorrena... Horrekin esan nahi dut, gaixo nagoela.


Zer ezberdintasun dago gazte baten eta bertsolari gazte baten artean?


Adin desberdinetakoak bagara ere, Gaztelumenditarrak, Aitzol Barandiaran, Uxue Alberdi, Alaia Martin, Mizel Mateo, Patxi Hiriart... horiek ditut belaunaldiko. Bertsoak eman didana hori da, Iparraldekoa, Bizkaikoa, Arabakoa... jende oso ezberdina ezagutzeko aukera. Bertsotan ibiltzen den jendeak badu ukitu berezi bat, eta oso jende interesgarria iruditzen zait. Alferrikako elkarrizketa bat ez da egoten bertsolarien artean.


Zer plaza dituzu?


Bi plaza ditut: Nafarroakoak eta Nafarroaz kanpokoak. Aukera izan dut Nafarroatik ateratzeko sariketekin, eta sariketen emaitzekin. Lehengo urtean 60 saio inguru egin nituen. Duela bi urte ere kopuruz antzeko ibili nintzen, baina lehengo urtean saio hobeak egin ditut.

Bertso bazkari eta afariak ditut gogokoen. Jendea berotuta, bertso gosez egoten da, eta umorea da nagusi. Adibidez, Iturenen Irazurekin eta Barandiaranekin egin nuen saioan gozatu nuen gehien. Oholtzak ukitu eleganteagoa du, baina gozatzeko aukera gehiago ematen du bertso afari batek, eta ez da oholtzakoa baino plaza errazagoa.

Julen Zelaietarekin asko ibili naiz, Silveirarekin egin izan ditut saio batzuk, eta tarteka izen handiko bertsolariekin saioak izaten ditut.

Plazak zer erakutsi dizu?


Plazatik ikasten da jendeak zer nahi duen, eta hori emateko gaitasunik baduzun edo ez. Bertso saioetan, mailaz gain behar duzu jendearekin konektatzeko gaitasuna. Hori nire ustez berezkoa izaten da.


Gorriti-Iruñea. Nondik bizi duzu bertsoa?


Gorrititik. Bertso afizio handia dago hemen. Iruñearekin neukan lotura bakarra bertso eskola zen. Lehen astean zehar Iruñean egoten nintzen, orain astean lau egunez Gorritin bizi naiz.


Zer da Iruñean bertsolari izatea?


Azken bi urteotan, Nafarroan txapelketak ohiartzun handia lortu duela nabaritu dut. Iruñean, nire etxean ez dago euskaldun askorik, baina Diario de Navarran atera nintzen eta “que majo salías” komentatu didate bizilagunek. Komunikabideetan lan handia egin da, eta jendeak badaki zerbait badagoela euskaraz egiten dena. Betiko eztabaida da Nafarroako txapelketak urtero behar duen edo bi urtez behin, eta gure bertso eskolan atera dugun ondorioa da Nafarroan ez dagoela horrelako beste jairik, euskara hutsean egiten dena eta 1.200 pertsona biltzen dituena. Momentuz, horregatik bakarrik bada ere, eutsi beharko diogu urtero egiteari.

Piztu Ezazu ARGIA 685x50
Facebook  Twitter  Delicious  Digg 

Publizitatea

azala  
azala2179
 
azala2178

2180 zenbakia.
2009ko apirilaren 12a

   

Babeslea

Irizarren webgunera joan
Jaso egunero email bakarrean eguneko 10 albisteak. Eta astean behin, astekaria. Dohainik.

Ale berean...

Kazetaritza independentea eta profesionala egiten dugu, euskaraz eta euskaldunontzat.

HARPIDETU ORAIN


Ametzagaiña Argia Antza iametza Adur Luditoys