Julio Soto

"Bertsoarekin gaixo nago"

  • Bertso udalekutara etorri zenean, bertsotan hasi berria zen eta bera zen gehien kantatzen zuena, ixildu gabe. Irazu azaldu zen bisitan. Itzal bihurtu zitzaion egun osorako, eta Urbasako ibilia galdezka egin zuen. Udalekutatik bueltan amarekin presentatu zen Xenpelar Dokumentazio Zentroan, material erdia eramateko. Aurten, errima batera izan du Nafarroako txapela.
Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2009ko apirilaren 12a
Julio Soto
Julio SotoGari Garaialde / Argazki Press

Nafarroako txapelketako finalaz “saio bat” dela esaten da. Zuk nola bizi duzu?


Niretzat festatik ez dauka ezer txapelketak. Asko prestatu dut. Baina finalean bai jendeak eraman egiten zaituela; nik adibidez, desenpatean txapela ahaztu egin nuen, eta Silveirak esan zidanez, berak ere bai. Festa bat dela esaten da, baina nik uste hori aho txikiarekin esaten dela, asko jokatzen delako, eta festa bertsolarientzat baino gehiago publikoarentzat da.

Nafarroako bertsolaritza nola ikusten duzu?


Manolo Arozenak eta garai hartan ibili zirenek lan handia egin zuten. Lan horretatik belaunaldi bat atera zen, Estitxu Arozena, Xabier Silveira, Iñigo Olaetxea, Estitxu Fernandez... Atzetik etorri da beste bat, Jon Barberena, Erika Lagoma, Julen Zelaieta... Lan handia egin da, baina oraindik asko dago egiteko. Bertso maila asko igo da, baina iruditzen zait falta dela beste koska bat. Gu Goikoetxearekin ematen saiatu garen salto hori jende gehiagok eman behar duela uste dut. Final ona izan zen baina falta zaio beste estutualdi hori, mailaz igotzeko.


Nola prestatu duzue jauzi hori Arkaitz Goikoetxearekin?


Estitxu Arozenarekin 15etik 18 urtera aritu nintzen ikasten. Arkaitz Goikoetxea Nafarroara etorri zen bizitzera, eta Arozenak esan zidan ikusten zuela beste jauzi bat eman behar nuela, eta aukera zegoela Goikoetxeak jauzi horretan laguntzeko. Terreros, Oier Lakuntza, Saioa Arkaitzarekin biltzen naiz, eta txapelketarako astean behin bildu naiz Arkaitzekin bakarka. Beste era batera lantzen dugu bertsoa: Txirritaren bertsoak ekartzen zituen landuta, eta azaldu zigun eszenifikazioa bertsoan, konkretutasuna... Azken bi urteotan errimarekin ere gaixo ibili naiz: lehengo urtean Silveirak esandakoa probatu nuen, jartzen nituen errimak paretan. Aurten egin dut hori, baina baita ere egin ditut Egañaren margarita horietakoak [hitzak kategoriaka sailkatzea].


Zaletasuna etxetik datorkizu?


Nire amaren osaba bertsolaria zen. Gorriti esaten zioten, eta txapelketan parte hartu zuen bi edo hirutan. Baina ez dut etxetik jaso bertsoaren zaletasun handirik. Bertsoa entzun eta erakargarri egiten zitzaidan, eta hamabost urte nituela etorri ziren Estitxu Arozena eta Estitxu Fernandez ikastolara bi eguneko ikastaroa ematera. Ingeleseko irakasleak beti eskatzen zidan bertso bat azterketa bukaeran. Eta berak animatuta ikasturte bukaeran hasi nintzen bertso eskolan, eta uda horretan joan ginen bertso udalekutara. Hiruzpalau urtez Arozena izan nuen irakasle.


Bertso eskolan asko zortzi-hamar urterekin hasten dira. Zu hamabostekin hasi zinen, baina buru-belarri. Bertso gosea nola asetzen duzu?


Xenpelar Dokumentazio Zentroan urtero hartu ditut aurreko txapelketetako bertsoak, 92koa, 96koa, aurten aurreko Txapelketa Nagusiko bertso guztiak, eta Lazkao Txikiren saioak, Arzallusenak, Egañarenak... Lasarteren kaseteak... Bertso asko-asko-asko entzuten ditut, gozatzen dut pila bat. Lazkao Txikiren bertso pila bat badakizkit buruz, bere bi liburuak ere irakurri ditut, Xalbadorrena... Horrekin esan nahi dut, gaixo nagoela.


Zer ezberdintasun dago gazte baten eta bertsolari gazte baten artean?


Adin desberdinetakoak bagara ere, Gaztelumenditarrak, Aitzol Barandiaran, Uxue Alberdi, Alaia Martin, Mizel Mateo, Patxi Hiriart... horiek ditut belaunaldiko. Bertsoak eman didana hori da, Iparraldekoa, Bizkaikoa, Arabakoa... jende oso ezberdina ezagutzeko aukera. Bertsotan ibiltzen den jendeak badu ukitu berezi bat, eta oso jende interesgarria iruditzen zait. Alferrikako elkarrizketa bat ez da egoten bertsolarien artean.


Zer plaza dituzu?


Bi plaza ditut: Nafarroakoak eta Nafarroaz kanpokoak. Aukera izan dut Nafarroatik ateratzeko sariketekin, eta sariketen emaitzekin. Lehengo urtean 60 saio inguru egin nituen. Duela bi urte ere kopuruz antzeko ibili nintzen, baina lehengo urtean saio hobeak egin ditut.

Bertso bazkari eta afariak ditut gogokoen. Jendea berotuta, bertso gosez egoten da, eta umorea da nagusi. Adibidez, Iturenen Irazurekin eta Barandiaranekin egin nuen saioan gozatu nuen gehien. Oholtzak ukitu eleganteagoa du, baina gozatzeko aukera gehiago ematen du bertso afari batek, eta ez da oholtzakoa baino plaza errazagoa.

Julen Zelaietarekin asko ibili naiz, Silveirarekin egin izan ditut saio batzuk, eta tarteka izen handiko bertsolariekin saioak izaten ditut.

Plazak zer erakutsi dizu?


Plazatik ikasten da jendeak zer nahi duen, eta hori emateko gaitasunik baduzun edo ez. Bertso saioetan, mailaz gain behar duzu jendearekin konektatzeko gaitasuna. Hori nire ustez berezkoa izaten da.


Gorriti-Iruñea. Nondik bizi duzu bertsoa?


Gorrititik. Bertso afizio handia dago hemen. Iruñearekin neukan lotura bakarra bertso eskola zen. Lehen astean zehar Iruñean egoten nintzen, orain astean lau egunez Gorritin bizi naiz.


Zer da Iruñean bertsolari izatea?


Azken bi urteotan, Nafarroan txapelketak ohiartzun handia lortu duela nabaritu dut. Iruñean, nire etxean ez dago euskaldun askorik, baina Diario de Navarran atera nintzen eta “que majo salías” komentatu didate bizilagunek. Komunikabideetan lan handia egin da, eta jendeak badaki zerbait badagoela euskaraz egiten dena. Betiko eztabaida da Nafarroako txapelketak urtero behar duen edo bi urtez behin, eta gure bertso eskolan atera dugun ondorioa da Nafarroan ez dagoela horrelako beste jairik, euskara hutsean egiten dena eta 1.200 pertsona biltzen dituena. Momentuz, horregatik bakarrik bada ere, eutsi beharko diogu urtero egiteari.

Azkenak
2017-03-27 | Xabier Letona
Non da terrorismoa, Benito?

Gaitza da ulertzea zergatik Mari Paz Benito Nafarroako lurralde auzitegiko epaileak esan zuen Altsasuko erasoa terrorismoa izan zitekeela. Ez zuen azaldu zergatik, edo bai, funtsean Covitek hala zioelako.


2017-03-26
Unibertsitatetik ekologismora

“Ingurumen Zientzia ikasketak amaitutakoan garatuta nuen kontzientzia, horregatik sartu nintzen ekologismoan. Gero Mugarik Gabeko Ingeniaritzaren mintegi batean parte hartu nuen, elkartean zer ikuspuntu zuten ezagutzeko, eta haren ondorioz boluntario aurkeztu nintzen. Ez dakit Ingurumen Zientziak ikaste hutsak kontzientzia ekologista garatzera bultzatzen duen. Nik behintzat zortea izan nuen: irakasle onak egokitu zitzaizkidan, gauza askotaz pentsarazi zidatenak. Horrela egin nuen jauzia... [+]


2017-03-26 | Mikel Asurmendi
Ezbaiak, mamuak eta etsipena kanpainaurrean

Frantziako presidente berria hautatzeko bozak apirilaren 23an eta maiatzaren 7an izanen dira; igandez eta bi itzulitan. V. Errepublikako hamaikagarren hauteskundeak dira, egundainoko berezienak. Aro honetako lehen presidentea, Charles de Gaulle, 1958an izan zen hautatua, erreferendum bidez; gainerako guztiak berriz, sufragio unibertsalez. Lehen aldikoz, presidentea dena ez da hautagai izanen. Hots, François Hollandek ez du bere burua aurkeztu. Hexagonoa krisi politiko handian murgilduta... [+]


Bozkatzera deitutakoen %24,83k eman du botoa estatus politikoari buruzko galdeketetan

124.274 pertsona deituak zituen Gure Esku Dagok igande honetako herri galdeketara, eta horien %24,83k bozkatu dute: 30.862k. Tolosaldean, Oarsoaldean, Astigarragan, Hernanin eta Larrabetzun antolatu dituzte galdeketak, 35 herritan denera.


Bake Foroa: armagabetzea eta elkarbizitza azaltzeko unea

Tendentzia politiko ezberdinetako herritar eta hautetsi anitz bildu da Miarritzen, "armagabetzea, bake prozesuaren zerbitzura" deitu foroaren kari. Armagabetze prozesuaz eta zehazkiago apirilaren 8ean burutuko den ETA egituraren armagabetzeaz aritzeko unea izan da.


Ikastetxe hauetan etsaminik gabe ebaluatzen dute

Azterketa eta noten eskema tradizionala alboratu eta ikasleen garapen osoa aintzat duen ebaluazio hezigarria lantzen dute gero eta ikastetxe gehiagotan. Euren esperientzia kontatzeko eskatu diegu horietako lauri: Langile ikastetxe publikoa, San Bizente ikastola, Arrankudiagako eskola txikia eta Geroa eskola librea.


2017-03-26 | Juan Mari Arregi
Murrizketak irakaskuntza publikoan

Aste honetan, asteazkena hilak 22, EAEn izaten ari diren hezkuntza murrizketen lekuko izango da euskal jendartea. Hezkuntzaren kalitateari eta irakaskuntza publikoari eraso zuzena dira, baita bere langileen egonkortasunaren kontra ere.


2017-03-26
Alex Txikon Everestera igotzen saiatuko da neguan, oxigenorik gabe, txankletekin eta Perurenaren harri bat bizkarrean

Alex Txikon ez da kikildu eta erronka handiagoa jarri dio bere buruari: munduko mendirik altuena igotzen saiatuko da neguan eta oxigeno gabe, azken saiakeran bezala. Baina orain “dibertsio apurtxo bat” gehitzeko asmoa adierazi du: txankletekin eta Iñaki Perurenak 1994an jaso zuen 320 kiloko harria bizkarrean duela abiatuko da gorantz.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude