argia.eus
INPRIMATU
Jainko Diruak drogatuta
Jon Torner Zabala @jtorner 2009ko apirilaren 07a
Dinero
Dinero: Revista de poética financiera e intercambio espiritual. Miguel Brieva (2008).
Mondadori argitaletxea. 336 orrialde.


Esnifatu eta garunean kokatzen diren balak, esne “hanburgesatua” prestatzen duen ama, eskolan komunisten antzeko lehergaiak fabrikatzen dituzten umeak, kaka egiten duten telebistak, triste bizi diren auto deportiboak, Pluton bezalako planeta galtzailea eguzki sistematik kanporatu nahi duen manifestatzailea, zaborra plazer handiz dastatzen duten bankariak, politikarien listua lubrikatzaile bezala erabiltzen duten herritarrak, Walt Disney terrorista ideologikoa dela uste duen Micky Mouse pentsalaria... Egoera eta pertsonaia surrealista ugari ageri dira Miguel Brieva espainiarraren Dinero: Revista de poética financiera e intercambio espiritual komiki liburuan. Izen bereko aldizkariaren bost zenbaki eta argitaratu gabeko beste 14 orrialde bildu ditu Mondadori argitaletxeak ale honetan. Dirua da artikulu eta ilustrazio guztiak bateratzen dituen elementua. Dirua eta Jainkoa. Jainko Dirua.

Jainkoak erabaki du Lurra ez dela errentagarria, eta salgai jarri du. Lurreko gauza guztiek prezioa dute, eta jendea edozer erosteko prest dago. Kapitalismoari kritika zorrotza egiten dio Miguel Brievak. Erdi mailako klasea da bere hausnarketa berezien eta 1950eko hamarkadako komikien tankera duten ilustrazioen xede. Hedabideak, politika, gerrak, futbola, drogak, publizitatea... Gai ugari ukitzen ditu, baina ez die ohiko diskurtso aurrerakoi-ezkertiar-katastrofistei heltzen. Umorea (zinismoa) dute ardatz bere analisiek, baita Santiago Alba Ricok idatzitako Walt Disney eta terrorista suizidak izeneko aitzinsolas mamitsuak ere.

Gag paradigmatikoa, autore guztiak alferrik imitatzen saiatzen direna, New Yorkeko dorre bikiena da: hain modu sinestezinean erori ziren, 2.500 hildakoek apenas zikindu zutela ikuskizuna (...) Ideologia guztien azpitik, eta hausnarketa ororen aurretik: izugarri disfrutatu genuen. Teknikoki hain gag ona izan zen, ezen leherketa nuklear batek soilik sortuko lukeela horrenbesteko plazerra”. Alba Ricoren hitzak Miguel Brievaren ikuspuntu bereziaren isla dira.

[Brievak Creative Commons lizentziapean argitaratu du Dinero liburua, eta E-muleren bidez eskuratu daiteke].