argia.eus
INPRIMATU
G-20 eta greba orokorra
Juan Mari Arregi 2009ko apirilaren 12a
Joan den astean bi gertaera politiko-finantzario eta ekonomiko-laboral-sozial izan ziren: G-20a Londresen eta greba orokorrerako deialdia Hego Euskal Herrian. Sindikatu abertzaleek egin dute deialdia lanpostu galeraren eta patronala krisi garaian egiten ari den xantaiaren kontra.

G-20ak munduko agintari politiko nagusiak biltzen ditu. Uste bezala, ez dute zalantzan jarri 1929az geroztik krisirik latzena eragin duen sistema ekonomiko eta finantzarioa (kapitalista). Sistema hori defendatzen segitzen dute, nahiz eta jakin kudeatzaileak benetako “putreak”, “marrazoak” eta “harrapariak” direla; behartsuen, langileen eta Herrien odola zurrupatzen dutenak. Beraz, hartutako neurriek ez dute arazoen sustraietara jotzen, helburua kapitalismoa “erreformatzea” da, salbatzeko eta mantentzeko.

Lider politiko batzuek, esate baterako Zapaterok eta Sarkozyk, esan dute G-20ak paradisu fiskalak ezabatu behar dituela, kapitalismoaren, espekulatzaileen, bankarien, kirolarien... gotorlekuak direlako. Ez zuten onartu ezta paradisu fiskalen “zerrenda beltza” argitaratzea ere. Gardentasuna aipatu zuten, eta kasu batzuetarako, zigorra. Paradisu fiskalak ezabatzeaz ezer ere ez. Hori jakinda burtsak ziztu bizian egin zuen gora!

Ordua da langile klasea eta sektore popularrak, krisiaren ordaintzaileak, mugitzen has daitezen eta eredu ekonomikoa aldatzeko apustua egin dezaten mundu mailan. Ongi etorria maiatzaren 21erako Hego Euskal Herrian greba orokorra deitu dutenei: ELA, LAB, ESK, STEE EILAS, EHNE eta HIRU. Urtarrilean eta otsailean Frantziako Estatuan eta Iparraldean ere izan dira grebak. Ea hurrengo deialdietan batasun gehiago dagoen kapitalismoaren eta kudeatzaile politikoen aurka.