500.000 emakume hiltzen da munduan erditzerakoan

  • 2015erako lortu beharreko Milurteko Garapen Helburuetatik okerren betetzen ari dena da hau: munduan emakumeek kasik betiko kopuru izugarrietan segitzen dute hiltzen erditzeko orduetan. Nahiz eta arazoen artean hobetzeko aukerarik errazenak eskaintzen dituena den.
Ama eta haur sortu berria etzanik atseden hartzen Kenyako Pumwani klinikan
Ama eta haur sortu berria etzanik atseden hartzen Kenyako Pumwani klinikanNicole Dwyer

Chris Brazier-ek ixtorio batez adierazi du gaia New Internationalist hilabetekarian. The heartbreak (bihotzondokoa edo atsekabea esango genuke euskaraz) artikuluan kontatu du Habiburen erditze zorigaiztokoa.

Lehenengo gizonarekin izandako hiru haurren ama, Habibu alargun gaztea Burkina Fasoko herrixka batean bizi zen. Familia aurrera ateratzeko arrastaka asko egin ondoan bigarrenez ezkondu zen eta sein egitear zegoen berriro. Amaginarreba eta senarra zituen laguntzeko, pare bat pertzatan ura prest, odolak xukatzeko zapi zaharkituak ere bai.

Habibuk ondo ezagutzen zituen oinazeen erdian neskatoa sortu zen. Denak ondo zihoala zirudien, harik eta amaginarreba ohartu zen arte Habibu odol gehiegi ari zela galtzen. Karen edo ume-ondokoa ez zen irteten. Jarioa eteten ez zitzaiola eta, semea bidali zuen bizikletan sendagile bila. 12 kilometro joateko eta beste hainbeste itzultzeko, gauez. Emaginarekin etxeratu zenerako zer eginik ez zegoen, haurra klinikara eramatea baino.

Antzeko eszena egunean 1.500 aldiz suertatzen da urtean, Afrikan eta Asia Hegoaldean nagusiki. Sarritan ama odolustu egiten da. Beste askotan umea oker datorkio eta ez dauka inor zesarea egiteko moduan. Heriotzak Habibu eraman eta umea bizirik utzi zuen bezala, beste askotan ama doi-doi aterako da bizirik jaio berria hilda, edo berdin biak dira zenduko. 500.000tik gora emakumek galtzen du bizia urtero, baina horietako bakoitzeko beste 20 gehiago dira zauri larriak edo infekzioak nozituko dituztenak. Asko ezintasunean geratuko dira, familiak baztertuko dituen arriskuan.

Chris Brazierrek esplikatu duenez, deigarri egiten da haurra egite garaiko heriotzak hain ugariak izatea eta urteotan gehiago ez urritzea. Esaterako, haurren heriotza kopurua jaitsi egin da, 1990ko 13 milioietatik 2006ko 9,7 milioietara, eta aldiz ama berrienak kasik bere hartan segitzen du. Nazioarteko erakundeek aitortu dute nahiko erraza beharko lukeela ama berrien heriotzak gutxitzea.

2000.eko irailean Nazio Batuen Erakundeak aldarrikatu zituenean Milurteko Garapen Helburuak, 2015erako lortu beharreko 21 xedeen artean hiru hauek markatu zituen: munduko txirotasuna erdira jaistea, haurren hilkortasuna bi herenetan gutxiagotzea eta erditzeko hilkortasuna hiru laurdenetan gutxiagotzea. Uste zen hobekuntza handia lortzen ahal zela eta azkar gainera.

Baina New Internationalistek argitaratutako grafiko batek erakusten du zein urrun gauden promesak betetzetik. Hildako amak urtetik urtera %5 gutxiago izan beharrean, apenas lortu den %1ean gutxitzea. 2005ean 250.000 heriotzaraino jaitsiak egoteko partez oraindik 400.000 baino gehiagotan jarraitzen dugu.

Aberats eta pobre, nazio denak kontatuz munduan 2005ean 536.000 ama hil zen erditzean. Horietatik 265.000 Afrikan Saharaz azpiko herrietan eta 187.000 Asia hegoaldean. Indian 117.000, Nigerian 59.000, Kongon 32.000, Afganistanen 26.000, Etiopian 22.000... Beste 84.000ak munduaren gainerako eskualdeetan hil ziren.

Emakume izatearen arriskuak

Beldur ematen du arazo honetan Iparraldeko herrialde aberatsetan eta Hegoaldeko txiroetan dauden proportzioen arteko aldeak. Iparraldean oro har haurdun dauden emakumeen heriotza arriskua 8.000tik batean dago, eta aldiz Hegoaldean 76tik batean.

Bi blokeetan badira media baino askoz hobeto edo okerrago direnak. Irlandan erditzean hiltzeko 47.000tik 1eko arriskua daukate emakumeek, Bosnia-Herzegovinan 29.000tik 1ekoa, Italian 26.000tik batekoa... Harrigarria dirudien arren, Amerikako Estatu Batuetan arriskua handiagoa da: 4.800dik bat.

Alderantziz, txiroen artean mediatik urrunena Niger dago, hemen emakume batek 7tik 1eko arriskua baitauka sein egitean hiltzeko. Ia Afrikako guztiak datozkio ondotik: Sierra Leonan 8tik 1, Txaden 11tik 1, Angola, Somalia eta Liberian 12tik 1, Kongo eta Ginea-Bissaun 13tik 1, Ruandan 14tik 1. Asian hilkortasunik handiena Afganistanek dauka, 8tik bat.

Jakina da andreen arriskua saihesteko konponbiderik funtsezkoena dela erditzean osasun arloko langile bat laguntzen aritzea, izan emagin, erizain edo mediku. Baina garapen bidean diren herrialdeetan haur egiteen %59an baizik ez da horrela izaten, eta gutxiagotan Afrikan (%43) eta Asia Hegoaldean (%41). Gainera, herrialde horietan bertan lanjer handiagoak edukiko dituzu hiriguneetatik urrun bizi baldin bazara. Sendagile eta kliniketara iristeko gehienez bi ordu behar izatea derrigorrezkoa da. Bestalde, jakina da gainerako osasun neurriek ere garrantzia dutela, hala nola emakumeen elikadura egokiak, kontrazepzioak, haurdunaldiko eta erditu ondorengo zainketak, eta beste.

Baina ama erditu berrien heriotzak badu beste osagai bat emakumeak kulturan eta gizartean daukan estatusarekin lotzen dena. Zeren eta, Brazierrek dioenez, maila berdintsuko egoera ekonomikoan dauden bi herrik hilkortasun kopuru oso ezberdinak eman baititzakete, emakumeari aitortzen zaion estatusaren arabera. Honek baldintzatzen du neskatoen jakintza osasun gaietan; eskolatze maila, edo hobeto esanda eskolatze maila txikia, lotuta dago neskak oso gazterik ezkondu eta haurdun geratzearekin. Munduan zehar urtean 70.000 dira 15 eta 19 urteko neskatoak haurdunaldian edo erditzean hiltzen direnak.

1978an Alma Ata hiriko biltzarrean aldarrikatu zuten munduko agintariek lehen mailako osasun zerbitzuak zabalduko zizkiotela planetako biztanle guztiei. Ez da hala gertatu, eta okerragoa dena, geroztik herrialde askotan atzerako urratsak egin dira, osasungintza beste edozein erosgaitzat erabiliz, herritarrak zerbitzuen parte bat bederen ordaintzera behartuz. Eta behar baino askoz gutxiago inbertituz.

Herrialde txiroetan mediku, erizain eta emagin gehiago behar dituzte, gutxienez 2,3 milioi gehiago askoren beharrean daude. Horiek eskuratzeko dirua behar litzateke, eta horixe da falta dena. 2015 bitartean urteko 6.100 milioi dolar gehiago beharko zirela esan zuen NBEak 2000.ean, baina antza denez orain artean garapenaren atal honetarako laguntzak ez dira urteko 663 milioi dolarretik pasatzen.

Urtean 400.000 emakume salbatzeko, 6.100 milioi dolar ez litzateke gauza handia, ikusirik nolako zifrak darabiltzagun komunikabideetan mende hasierako krisia dela eta. Caja Castilla la Mancha hondoratu ez dadin Espainiako Gobernuak 9.000 milioi euroko bermea eskaini du.

Argazki oina: Nicole Dwyerren argazkian ama eta haur sortu berria etzanik atseden hartzen Kenyako Pumwani klinikan. Alde batera utzirik Europako eta Afrikako ospitaleen arteko leizea ekipamenduen mailak, horrelako eszenak salbuespenak dira garapen bidean diren herrialde askotan. Asian eta Hego Asian emakumeen erdia baino gutxiagok jasotzen du inolako kontrol edo laguntzarik osasun zerbitzuen aldetik haurdunaldi garaian. Ez mediku, sendagile edo emaginik erditzeko garaian eta klinikarik hurbilena ere urrun edozein larrialditan ate joka joateko. Nigerren jaiotzen diren 100.000 haurretatik 1.800ek galtzen dute ama erditzean, Afganistanen bezala. Irlandan haurra egiten duten 100.000 emakumetatik bakarra hiltzen da, Italian hiru eta Austrian lau.

 

Informazio gehiago:


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude