argia.eus
INPRIMATU
Kako egonarri motx
Jakoba Errekondo 2009ko martxoaren 31
 Impatiens balfourii
Erronkariko goi muturretan errododendroa, Rhododendron sp., bezala beheko barrenetako zoko hezeetan topatuko dugu baltsamina arrunta, Impatiens balfourii, ustezko beste sarkin bat. Lehorretik ihesi, erreka eta ibai inguruak eta zuhaizpeen mugak bilatzen ditu. Ezinegona, egonarri gutxikoa adierazi nahi du Impatiens izenak. Ukitu ordurako edo berez, fruitua josturetatik lehertzen da eta sei metroraino ere haziak jaurtitzen ditu, ehunka batzuk landare bakoitzak. Ezusteko lehertze horretatik datorkio izena. Urteko landarea denez, hurrengo urtean erneko diren haziak zabaltzeko era hau du kakoetako bat. Beste bat ere badu, haziak sortzeko beharrezko bitartekari dituen intsektu polenzaleak erakartzeko, nektarra sortu eta pilatzen duen kako berezi bat du loreak.

Egonarri motxeko landareok ezagunak dira mundu osoan. Loretarako erabiltzen den Indiako Impatiens balsamina baltsaminaren lorea, azkazalak margotzeko erabiltzen da, nektar eta guzti.

Indiarra eta geurekoaren artean bada beste baltsamina berexi bat. Gondwana kontinentetzarra zenaren granito-hondarrak omen, Nafarroako Luis XV.a errege herabearen finantza ministro izan zen Jean Moreau de Séchellesen ohoretan bataiatutako Seychelles uharteetan. Tokiak egiten du landarea berezi; landareak eta denok. Garai batean Edengo baratze mitikoen aztarna hartzen zitzaien 32 uharte hauetan ez beste inon bizi diren 76 landare ezagutzen dira. Tartean Impatiens gordonii. Urtetan desagertutzat jotzen zena ez zen galdua. 1995ean Mahé irla handienean hogei ale, eta 147 biztanleko Silhouette irlan ehunen bat aurkitu ziren. Besteak beste, Seychelleseko Botanikoa in situ, eta Ingalaterrako Cornuallesko Eden Proiektua eta Kewko Botanikoa eta Bretainiako Brestekoa ex situ, galdu gabe in vitro ugaldu eta landatzen ari dira.