argia.eus
INPRIMATU
Iker Goenaga
“Ez naiz gaur Dr. Jekyll eta bihar Mr. Hyde”
  • Diskoa kaleratu nahi duenak ez du diskoetxerik behar, baina infernuko hauspoa astinduz bizi denak deabruaren abokatua beharko du, ezta?
Sustrai Colina 2021eko ekainaren 30a
Iker Goenaga
Dani Blanco

Nork sinetsarazi digu trikitia euskalduna dela?


Ezer internazionalik baldin badago hori soinu txikia da. Abertzaletasun euskaldunaren ikur bihurtu eta ukitu folkloriko-etnikoa eman nahi izatea zentzugabekeria hutsa da. Etnikoa txalaparta da!
 

Eta Euskadi Gaztea!


Garbi dago irratiek daramaten politikarekin, Alex Ubago ezagutzea Tapia eta Leturia entzutea baino errazagoa dela.
 

Errazena, baina, betiko fandango eta kalejirak jotzea.


Azken diskoaren ostean batek galdetu zidan “baina zer egin duzu?”. Zer egingo dut ba? Musika! Ni trikitilaria naiz eta nire soinu-tresnarekin kantuak sortzen ditut. Ez dago besterik.
 

Puskatzaile arraioa!


Hogei urterekin familiako lehen apostata egin nintzenean bezala da. Garbi baldin badaukazu, aurrera. Sortzerakoan ez dut trikitiaren geroan pentsatzen. Ez dut uste horrek inora daramanik.
 

Nora darama autoprodukzioak?


Dena norberak egitera. Biolontxeloaren partitura idaztetik kartelen diseinua egiteraino. Dena dago zure gain, baita gestioa ere, eta nik gestioa gorroto dut. Baina beste alternatibarik ez dagoenez...
 

Lasai, jendeak Internetetik jaitsiko ditu zure kantuak...


Bakoitzak baloratzen duenaren araberakoa da dena. Zergatik egingo dut lan ostiraletan astelehenetik ostegunera eginez bizi banaiteke? Beste batzuk larunbatetan ere tailerrera joaten dira ez dakit zer edukitzearren. Niretzat diskoak sakratuak dira.
 

Diskoak ez, promozioa da sakratua.


Baita etsigarria ere! Elkarrizketatzaile batek “zer nahi duzu galdetzea?” edo “zuk zer jotzen duzu?” galdetzen dizunean...
 

Esaiezu zuri Jaurlaritzak ez dizula subentziorik ematen...


Frantziako gobernuari ez zaio bururatzen artista ingelesak jartzea abesti frantsesak kantatzen kultura frantsesa esportatzeko. Junkerarekin egin dutenak ez dauka izenik, ulertezina da.
 

Ba kantak krisi uneetan sortzen direla egia bada, poztu behar zenuke.


Ez naiz gaur Dr. Jekyll eta bihar Mr. Hyde, baina nire kasuan ez da mitoa. Ondo nagoenean ez daukat soinuaren beharrik, baina behera egitean heldu-lekua da.
 

Hara erromantiko bat kontsumoaren gizartean!


Maiteminduen egunean esan behar duzu maite zaitut, Durangon erosi behar duzu kultura, Gabonetan egon behar zara zoriontsu... Zer nahi duzu esatea? Nik ez dut ezer ulertzen.