argia.eus
INPRIMATU
Alex Sardui - Gatibu
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2023ko martxoaren 20a

Sexua, desioa... oso presente daude zuen hitzetan. Horiek dira benetan jendea arduratzen duten gauzak?


Gauza antzekoek arduratzen gaituzte; hor daude desioak, ametsak, egin nahi ditugun gauzak… Sexuarekin bide onean goaz: galarazita egotetik modu askean bizi dugu orain, egunerokotasunean.

Nolatan aukeratu zenuen Chitty Chitty Bang Bang film musikal horren izena?


Gerora jakin dut film bat dela. Kantuaren melodia eginda neukan eta halako batean soinu hori burura etorri zitzaidan; hortik aurrera, beste guztia idatzi nuen. Agian subkontzientean neukan film hori ikusi izana.

Inoiz Serge Gainsbourgekin konpara zaituzte? Emakumeei halako omenaldiak egiten dizkiezula-eta...


[Barre]. Eskertzen da halako konparaketa… Inoiz neskek esan didate emakumeek ulertzeko moduko kantuak idazten ditudala. Egia esanda, eskolan eta abesbatzan neska artean ibili nintzen beti; eta baliteke hor zerbait ikasi izana.

“Hauxe da rock-and-rolla, hau da nire bizixe, kezko promesen joan etorri bet”. Joan-etorria bada, badaramazue denbora bat, ezta? Zer eman dizue rock-and-rollak?


Joan-etorriak beti egon dira, hori da rock-and-rolla. Horrek ematen dio bizitzari intentsitatea. Rock-and-rollak asko ematen digu, horregatik jarraitzen dugu horretan. Maitale on baten modukoa da: asko ematen dizu, baina ez dakizu noiz arte.

Hitzetan askotan ageri dira “sua”, “ura”, “trumoia”, “laino”, “udaberrixe”, “haizie”... Zeu zara rockaren Pello Zabala, eguraldi gizona?


Euskaldunok beti egon gara naturari begira. Aita bertsolaria daukat, Enbeitatarrak familia dira, eta tradiziori eutsi egin behar zaio. Eta, jakina, nire errespetu guztia Zabalari.

Produkzio galanta dauka diskoak. Detaile eta ñabardura asko dauzkate kantuek.


Eskerrik asko. Soinua zaindu egin dugu, zuzenekoa eta diskoa bereizteko. Modu berean, ideiak sinpletu egin ditugu.