argia.eus
INPRIMATU
Adierazpenak
2009ko martxoaren 31

Maite Gurrutxaga ilustratzaileak Beterriko Liburua aldizkarian: "Helduentzako literaturan ilustrazioak bere tokia izan dezakeela sinetsiko balitz, jendeak garbi baleuka ilustrazioak helduentzat ere izan daitezkeela, ilustrazioek liburuak apaindu ez ezik osatu eta aberastu ere egin ditzaketela, lana askoz errazagoa izango litzateke (...) Heltzen hasten garenean, jende gehienak marrazteari uzten dio, irudimena erabiltzeari uzten dio; txikientzako zerbait balitz bezala hartzen da marraztea, eta ez dut uste hala denik. Beste adierazpen modu bat da, guztiz errespetagarria, baina txikitatik esaten dizute hamalau urterekin beste bide batzuk hartzen hasi behar duzula, marrazten jarraitzen baduzu ameslari bat zarela, despistatu bat…, konnotazio txar samarrak ditu".

 

Asier Zabaleta eta Mizel Theret koreografoen iritziak jaso ditu Berriak. Zabaletaren hitzak dira hauek: "Badirudi modernoa izateko modu batera jantzi behar dela, ez dakit zer entzun behar dela. Askotan, niretzat behintzat, daukagunarekin bide berriak bilatzea jadanik modernoa izatea da. Niretzat modernoena nire ama da, 73 urterekin edozein gauza onartzen duelako".

Mizel Theret: "Euskal Herrian haustura anitz dago, euskaldun, ez-euskaldun, politikan, kulturan... Dantzan ere, tradizionala eta besteak. Haustura horiek zinez arranguratzen naute. Nire azken obra honetan [Dorrea], amildegi horiek gainditzen ahalegintzeko gogoa ukan dut. Dantza garaikidea egiten dut, baina aldi berean nire kulturaz interesatzen naiz".