argia.eus
INPRIMATU
Aberastasun gehiago, pobrezia gehiago
Juan Mari Arregi 2013ko maiatzaren 06a
Pobrezia eta bazterketa soziala Euskal Herrian ezarrita daude, nahiz eta hamabi urteko hazkunde ekonomikoa izan. Horrela, mantentze pobreziak –elikadura, etxebizitza, jantziak, oinetakoak eta bestelako oinarrizko beharrak ziurtatzeko nahikoa baliabide ekonomiko ez izatea– biztanleen %4,1i eragin zion 2008an EAEn, hau da, 88.643 pertsonari. 1996ko %4,0tik 2008ko %4,1era igaro da. Hori ondoriozta daiteke ELAk egindako txostenean. Egungo krisiarekin, pobrezia eta bazterketa soziala larriagotu egingo dira. Inkestak EAEri eragiten dion arren, funtsezko datuak ez dira aldatuko Euskal Herri osoari dagokionez. Egoera horrek gure herriko gobernuen politika ekonomiko, sozial eta kapitalistak islatzen ditu. Planetako egoerak ere tesi hau erakusten du: aberastasuna handia, pobrezia are eta handiagoa. Hain zuzen, planetako 500 pertsona aberatsenen errenta handiagoa da 416 milioi pertsona pobreenen sarrerak baino. 2008an 963 milioi lagunek sufritu dute gosea munduan, 2005eko 848 milioirekin konparatuz.

Eredu ekonomiko kapitalista eta basatiaren ondorio den egoeraren aurrean, herri mugimendu antikapitalistak antzematen hasi dira. Baita Euskal Herrian ere. Aste honetan bertan, larunbatean, Herria Abian plataformak mobilizazioak hasi ditu kapitalista ez den beste eredu ekonomiko eta sozialaren alde. Plataformaren leloa da Krisiaren aurrean, Euskal Herriak aldaketa soziala. Sindikatuak ere, nahiz eta bananduta, pobreziaren, bazterketaren eta prekarietatearen kontra mobilizatzen ari dira. Egoera horrek Bankaren eta enpresa handien etekin milioidunekin kontrastatzen du, eta beraiek izandako galeren sozializazioarekin, gure zergen kargu geratu baitira.