argia.eus
INPRIMATU
Iluna eta zu
Amaia Iturrioz 2013ko maiatzaren 02a
Amaia Iturrioz
I

Ederki asko dakit
zure helbidea:
Eroskiren pareko
izkina gordea
San Antonio 20,
portal dotorea
laugarren solairuko
eskubialdea
aspaldidanik daki
honako bidea.
 
II

Baina biderik ez dut
egingo luzaro
hemen geldi zure zain
gustora bainago
bihurtu nahi dut zure
bihotzeko faro
zu maitatzen baitzaitut
mugaz haratago
nire denbora baino
dezente gehiago.
 
III

Nahiz nagoen zure zain
ta zugatik itsu
ez dakit Nora, Miren
edo zein zaren zu
eta pare-parean
nauzun arren usu
guzti hori zuretzat
da nahiko berdintsu
existitzen naizenik
ere ez dakizu.
 
IV

Gauaren zain pasatu
ohi dut nik eguna
zure zain pasatzeko
gauaren iluna
nahiz saiatu bihotza
bihurtzen beruna
onartzen ez dut erraz
izaten, kuttuna,
oso izan nahi duen
erdi-maitasuna.
 
V

Erlojuak jotzean
hamaikak ta piko
so egoten naiz ea
zu noiz ikusiko,
zaborra botatzera
ea noiz jaitsiko...
Baina berriz etxera
zoazen aldiko
iruditzen zait joan
zarela betiko.
 
VI

Zuretzat bizitzea
bihurtu zait lege.
Beti egon ez nadin
ni zure titere
akatsak ateratzen
saiatzen naiz trebe
baina bihotzak ez dit
egiten mesede
hain zara perfektua
pijamatan ere...
 
VII

Usu gertu izaten
dut zure itzala
baina oharkabean
zoaz berehala
hala ere, zurekin
gurutzatu ahala
koloretan jartzen zait
masailen azala
bonbila erraldoi bat
banintza bezala.
 
VIII

Zure adats horia
zaila daukat belzten,
zure begi argiei
argirik ezin ken
aukeraren bat banu
halakoren baten
hasiko nintzateke
guztia ematen
beti distira bera
eduki dezaten.
 
IX

Inoiz ikusten zaitut
irriz, alegera
hurbiltzen senarraren
besoen artera
ta berari musu bat
ematez batera
zaborrarekin egin
ohi duzun antzera
bihotza amiltzen zait
kontenedorera.
 
X

Deklaratzeko badut
nahikoa bertute
“maite zaitut” bat jaurtiz
beste baten truke
nahiz zain daramazkidan
horrenbeste urte
saiatuko naizenik
keba, ez dut uste!
Farola bat ez banintz
probatuko nuke.
 
XI

Jada hil didazunez
bihotzan erdia
pixkanaka itzaltzen
ari zait argia
izpiak malkotzeaz
kexu da begia
zu gabe mundu hau da
ezereza ia:
argitzen jarraitzeko
beltza, beltzegia...
 
 Doinua: Lagundurikan danoi.