Ikerkuntzaren eta Unibertsitatearen garaia (Aitor Bergara)


2009ko martxoaren 29an
Aitor Bergara
Aitor BergaraIñigo Azkona
Ez dago zalantza handirik, jakinduria izango dugu XXI. mendeko lehengai nagusia. Sormena eta irudimena datorkigun ekonomia berriaren motor bihurtuko dira, eta gure industriak nekez egingo du aurrera kanpoan eraginkorrak diren prozedurak imitatuz bakarrik. Zientzia eta teknologiaren arteko lotura zuzena garai berri honen oinarria izango da, eta behingoz Unibertsitateak hartu beharko luke dagokion protagonismo eta erantzukizuna. Unibertsitatearen mamia ez da bakarrik zabaltzea orain arte lortutako ezagutza, batez ere paradigma berriak sortu behar ditu. Unibertsitateari dagokio gure gizartearen aldaketa-eragilerik handiena izatea, erronka berriei aurre egiteko gai diren pertsonak prestatzeko ahalmena erakutsiz. Horrela izan dadin, epe laburrean hobetu beharreko gai batzuez arituko naiz.

Hezkuntza.
Lan-merkatuak gero eta zientzialari gehiago eskatu arren, zientzia eta teknologian interesaturik dauden ikasleen kopurua gutxitzen ari da. Nahiz eta kezkagarria den joera honetan aldagai anitzen eragina egon, arazoaren sustraia gure eskoletan dagoela uste dut. Gero eta zientzia gutxiago ematen da eta, askotan, ez da irakasten behar den bezala. Ikasleek zientzia zurruna eta abstraktua delako irudia jasotzen dute, eta pribilegiatu gutxi batzuk bakarrik dira laborategietan sartzen direnak. Askotan, taldeko gehiengoaren gogo-gabezia nagusitzen da ikasle distiratsu eta bikainen interesa barreiatuz. Oso gutxik gainditu ditzakete oztopo hauek zientzialari izateko gogoekin. Nekez lortuko dugu joera hau konpontzea ez badugu ahalik eta lasterren irakaslegoaren lana birbaloratzen eta beraren motibazioa pizten. Honen aurrean Unibertsitateak ezin du beste aldera begiratu. Premiazkoa dugu eskola eta Unibertsitatearen inguruak hurbiltzea, irakasle eta ikertzaileen arteko harreman zuzen eta eraginkorrak areagotuz.

I+G+B. Azken 30 urte hauetan administrazioak egindako ahaleginei esker hirukoiztu egin da ikerkuntzan sartutako BPGaren portzentajea. Halere, oraindik ikerkuntzan erreferenteak diren estatuengandik urrunegi gaude. Haien inbertsioak gurea bikoizten du, eta badaramatzate 30 urte edo gehiago antzeko maila honetan. Horrela, gure inbertsio-erritmoa biziagotzeko premiazkoa da alderdi politikoen arteko eztabaida nahasiak alde batera uztea, hitzarmen egonkorrak lortu daitezen. Bestela, hogei urte edo gehiago beharko ditugu imitatu nahi ditugun estatuek gaur egun ikerkuntzan duten maila lortzeko. Beranduegi. Berrikuntza modan dago, diskurtso politikoan ere, eta krisi honetatik indartsu aterako gaituen makilatxo miragarria bihurtu dute. Berrikuntza giro egokia sortzeko behar izango dugun irudimena eta doitasuna piztu dezagun, ezinbestekoa dugu zientzia eta teknologiaren garapenari eman beharreko zalantzarik gabeko bultzada, honen enpresarako transferentzia ahaztu gabe, agian hau baita gure alderik ahulenetarikoa.

Ikerkuntza eta Gizartea.
Askotan zientzia eta kultura bi errealitate ezberdin bezala agertzen zaizkigu, batzuetan aurkakoak ere bai. Halere, gutxik jarriko dute zalantzan zientzia itzelezko abentura intelektuala dela, goitik behera aldatu dituenak munduaren eta geure buruaren kontzeptuak. Gaur egungo zientzialariok ez dugu bakarrik egon nahi, gure laborategietan isolaturik eta inguratzen gaituen mundutik aldendurik. Aurrera egiteko, jakitunak gara funtsezkoa dela gizarteak ulertzea kalitatezko ikerkuntza zientifikoaren baliagarritasuna. Zientzialariok zertan ikertzen ari garen, zergatik eta zertarako balio duen azaltzea da geure egin beharreko lana ere. Gai zientifikoen zabalkuntzarako, Unibertsitateak menditik jaitsi eta herritarren gogotik hurbilago dauden hainbat erakunderekin lankidetza biziki areagotu beharko luke.

Ikerkuntza zientifikoa ez da herriaren apetak emandako luxua, gizateriaren aurrerapenerako ezinbestekoa baizik. Nanoteknologia, ingurumena, energia, material berriak, genetika, bioteknologia edo bestelako arloetan aztertzeke dauden hamaika gaiek herri guztietako ikerlarien parte hartze eta lankidetzaren premia dute. Ikerkuntzaren kalitatea eta lehiakortasuna bultzatzeko Unibertsitateak hartu beharko luke gestioaren ardura nagusia eta erantzukizuna. Nola ez, lortutako emaitzen berri ematearekin batera. Erronka honek bikaintasuna saritzea eta bultzatzea eskatzen du, Unibertsitatean indarrean dagoen funtzionaritza-sistema malgutuz.

Heldu da Unibertsitateak ikerkuntzan eta berrikuntzan hartu behar duen erantzukizunaren garaia.

Aitor Bergara EHUko Materia Kondentsatuaren Fisika saileko kidea da

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ikerketa eta Garapena
2022-12-26 | ARGIA
Zuhaitz zaharrek uste zena baino bi aldiz karbono gehiago gordetzen dute, ikerketa batek erakutsi duenez

Oxfordeko unibertsitateko irkerlari talde batek puntako teknologiak erabili ditu zuhaitz zaharrek metatutako karbonoa kalkulatzeko eta orain argitaratu berri duten txostenean erakutsi dute, eraitsitako baso zahar hektarea bakoitzeko alferrik galtzen (eta atmosferara isurtzen)... [+]


Alzheimerra ikertzeko zentroa sortuko dute EHUk eta CITA fundazioak

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eta CITA-Alzheimer fundazioak garatutako proiektuak gaixoen bizi kalitatea hobetzea eta etorkizunean prebentziorako metodoak bilatzea du helburu.


2020-05-24 | Estitxu Eizagirre
Ugo Mayor Martinez
"PCR test masiboak egingo balira, ez legoke jende guztia eduki beharrik konfinatuta"

Apirila hasieran jakin genuen berak koordinatutako ikerlari taldeak COVID-19 atzemateko PCR proba bat garatu zuela, eskas ziren test komertzialik behar ez duena. Munduko Osasun Erakundeak test masiboak egitea gomendatzen du koronabirusaren hedapena saihesteko eta hala egin dute... [+]


2020-04-10 | ARGIA
Euskal ikerlari talde batek Covid-19a atzemateko test berria sortu du

EHUko hainbat sailetako zientzialari sare batek, Ikerbasque, Achucarro, Biofisika Bizkaia Fundazioa, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba institutuetako ikertzaileekin batera, Covid-19 atzemateko 'RT-PCR' test bat garatu du, 15 euro balioko duena eta emaitzak lau ordutan... [+]


Estrategia

Euskal Herrian dauden administrazio publiko guztiek, eta nabariki Eusko Jaurlaritzak, euren estrategia industrialean digitalizazioa erabiltzen dute ardatz gisa. Honen oinarrian dagoen ikerketa ere digitalizazio ahalik eta aurreratuena egitera zuzenduta dago.

Euskalgintzak eta... [+]


Eguneraketa berriak daude