Dani Blanco
“Tira, ez da ezer ulertzen ezta?” esan zuen Koldo Izagirrek Beñat Sarasolaren Alea liburuko aurreneko poema irakurtzen bukatzean. Izan ere, poeta donostiarrak irakurlearen inplikazioa eskatuko duen liburua osatu du. “Poztu egin naiz zaila dela esan didatenean” esan zuen Sarasolak. Bigarren lana du, 2007an argitaratutako Kaxa huts bat bezala Susarekin ikusi du argia, eta idazleak aurkezpenean azaldu zuenez, Bartzelonak markatutako lana da: han pentsatu du, han idatzi, han zuzendu. Ez zuen aurreko liburua errepikatu nahi, eta ez du egin, baina lana bukatuta bere “ADN literarioa” antzematen dela onartu zuen. Liburuarekin galdera batzuei erantzun nahi izan diela ere azaldu zuen: “Posible da berritzailea den zerbait idaztea? Bukatu al da abangoardia? Posible da politikoki eraldatzailea den proiektu bat eraikitzea?”. Erantzunak, beharbada, Alean.