argia.eus
INPRIMATU
Alde
Joxemari Ostolaza 2009ko martxoaren 29a
Joxemari Ostolaza
Guztietatik proposatzen zaizkigu kurtsoak. Joan den astean lau lekutik izan dut holakoetara joateko deia. Eta lautik hirutan, lidergoa da izarra, lan prozesuak zuzentzeko teknikak irakastea dute xede. Aholkularitza. Harrituta nauka asuntoak. Nortzuk diren proposamen horiek egiten dituztenak ikusita, areagotzen zait harridura. Hirutik bi, aspaldiko puntako futbol eta saskibaloi jokalariek, prestatzaile diplomatuek muntatutako bulegoak dira antolatzaileak. Beren kirol jarduna curriculum, kirol taldeen barne bizia ezartzen dute eredu, bestelako lan talde eta entrepresentzat baliagarri izan litekeelakoan. Garaipena xede, indar guztiak horretara teknikoki nola antolatu eta zuzendu da iragartzen den irakaspena. Eta badirudi arrakasta handia biltzen ari direla entrepresari zenbaiten aldetik, langileen motibazioa teknika eraginkor batzuen kontu soila bailitzan. Ez dute berdintasuna aipatzen, ez dute proiektuak erabakitzean parte-hartzea ezinbestekoa denik esaten. Hortaz, ezer gutxi jakin dezakete, beren eskarmentuaren oinarrian ni eta ni bakarrik baitago. Kluben zuzendaritzek erabakitzen dute nork kudeatu behar duen jokalari taldea. Zuzendaritzak ezarri kudeatzaileak egiten du prestatze plangintza. Jokalariek onartu besterik ez dute, eta konfliktoa sortzean, men egin. Nekez erakutsi diezagukete fundamentuzko ezer.