argia.eus
INPRIMATU
Ziurgabetasuna euskararen mundu zabalean
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 06a
Patxi Lopez lehendakaritzara heltzekotan zegoela ikusi ondoren jende askok galdetu dit “eta zer gertatuko da zuekin, ARGIArekin edo euskal prentsarekin oro har?”. Dirulaguntzez ari dira guztiak, tonu kezkatiz gainera. Nik ez dakidala, pentsatzen dudala orain arte bezala arituko garela. Eta hala uste dut benetan, baina zalantza tartea ere hor da zabal zabalik. Euskal kulturaren eremuan PSE-EE ez dela gogor arituko diote hormek, eta profilaz aritzean, transbertsalitatearen diskurtsoan dabilen pertsona independenteari buruz entzuten da sailburutarako.

Egia esan, PSEren mundu soziologikoa, oro har, urruti egon ohi da euskaltzaletasunetik eta euskararen kulturatik; aukera historikoa du alor horretan, kanpainan egindako diskurtso euskaltzalea errealitatean zertan mamitzen den erakutsi beharko du orain. Euskararen garapen eremutan, PSOEk baditu oso erreferente txarrak eta PSEk ere bai, beren anai-arreba nafarren pentsamolde eta jokabidea larria izan da foru erkidegoan, esate batera. Ermuko Foroa eta beste hainbat elkarte eta fundaziotan euskara eta hizkuntza gutxituen inguruan beren kide ezagunek landutakoak ere ez dira txantxetakoak. Baina oso bestelako jarrerak ere badituzte beren baitan, Odon Elorzaren garaian Donostiako Udalean euskararen eremuan eraman diren politikak euskaltzaleak izan dira eta gastuari dagokionez, udaletxe abertzaleen parean ibili da oro har eta goitik ere bai sarri. Edonola ere sozialisten baitan, askoz urriagoak dira Donostiakoa moduko ezpal euskaltzale hauek, zalantza barik, eta horrexegatik desafioak ere agerikoak dira.

Ziurgabetasuna loratzen ari da han-hemenka, 30 urteko agintaldi aldaketaren ondoren edonon gertatzen den moduan. Eta normala ere bada, bai PSE beraren historia kontuan hartuta eta batez ere atzean izango dituzten zaindari-sostengatzaile politikoen profil eta nahiak ikusita. Orain badator PPk negoziazioan gogorrarena egingo duen unea eta tentsio apur bat ere taularatuko da. Hizkuntza eta hezkuntza daude popularren aldaketa nahi eta kontrol lehentasunetan. Mesfidantzak, beraz, badu sustrairik.

Gainerakoan hauteskunde ondorenak bere martxarekin jarraitzen du, ehunka beso maletak prestatzen alde egiteko eta beste horrenbeste aginte guneetara lurreratzeko prest dira. Aurreikusi bezala, Gipuzkoako EAkoek labana txikia atera dute jada eta Suspertu izeneko hausnarketa propioa abiarazi. Halako emaitza batzuk berez dira gogorrak edozein alderdirentzat, eta bereziki hain egoera gaitza bizi duen EArentzat: proiektu politikoarekiko barne desadostasun handiak, hainbat hauteskunde galera, EAJren itzala... Ez da gehiegizkoa EA hil ala biziko egoeran dagoela esaten denean.

Mikel Arana Ezker Batuko koordinatzaile berriak bizi duen egoera ere larria da. Ez da gutxi Madrazo moduko lider bat horren azkar ordezkatzea, baina orain gaitzena du Aranak esku artean, egungo Ezker Batutik abiatzea edo, alderdiko zenbaitzuk adierazten duten moduan, ezkerreko alderdi berriaren sorreratik.