argia.eus
INPRIMATU
Goirizelaiaren ordua
Xabier Etxaniz Erle 2013ko maiatzaren 02a
Xabier Etxaniz Erle
Alex Larretxi
Abendu hasieran EHUko hauteskundeak irabazi ondoren ikasketa plan berriak martxan jartzeko prozesuan erabat murgildurik dago errektore taldea. Bologna prozesuaren barruan –titulazioek Europa mailan balio izatea eta irakas-gunea ikasleengan finkatzea, ikasketa prozesuan alegia, eta ez irakasleengan–, edo horrekin batera etorri zaigu ikasketa planak aldatzeko unea.
 
Zalantzarik gabe oraintxe bizi dugu prozesu horretako unerik garrantzitsuenetariko bat; martxan jarriko diren –eta ken daitezkeen– titulazioak erabaki behar dira, eta horrekin batera titulazio horiek nola gauzatuko diren. Bi erabaki dira, beraz, une honetan –datozen bizpahiru hilabeteetan– hartu beharrekoak, eta horien arabera Bolognako prozesu hori onuragarria edo kaltegarria izan daiteke gure gizartearentzat.
 
Araba aldean eztabaida piztu duen lehen kontua Letren fakultatean sorrarazi den giro gaiztoa izan da; antza zenbait filologia kolokan daude ikasle kopuru txikia dela eta. Negoziazio prozesu batean sartu beharko dira filologietakoak –eta beste zenbait titulaziotakoak EHUn–, errektore taldea eta Jaurlaritzakoak. Irtenbide ugari egon daitezke, titulazioak –berez duten balioagatik– mantendu ikasle gutxirekin, kurtso komun batzuk ezarri lehen urteetan ikasle talde handiagoak sortuz... Arazoa serioa izanda ere ez da ni gehien kezkatzen nauena. Askoz larriagoa iruditzen zait erreforma honen inguruan azterketa orokorrik ez ikustea, irakasteko modua aldatu behar bada zer nolako eragina izango duen horrek ikastaldeetan. Ez al da irakaslerik soberan titulazio batzuetan eta beste batzuen beharra besteetan? Zertarako balio izan du azken urteotan unibertsitateko irakasleok jaso izan dugun formazioak? Zertarako prestatu gara irakasteko eta ebaluatzeko era aldatzeko?
 
Gestioan urteetako esperientziaren ondoren, eta prozesu hau hobetzeko aukera bezala ikusi ondoren, une honetan EHUko zuzendaritza taldeak erabaki argiak hartu behar dituela uste dut. Eta ez titulazioek Europa mailan balio izateko –hori legeak ezarri baitu–, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko baizik. Une honetan irizpide ekonomikoa garrantzitsua izanik ere, ez da bakarra. Ala norbaitek uste du ikasleen formazioa pertsonalizatu samarra egin daitekeela 80 ikasletako taldeetan?
 
Une erabakigarrian gaude. Bidegurutze egokia hartuko al du abiadura bizian Goirizelaiak gidatzen duen kotxeak?