Uretako burdin bideetan

  • Bilboko itsasadarra ezagutzeko Ezker edo Eskuin aldetik egin ohi da txangoa. Baina erdi-erditik ibaian behera joateak erabat aldatzen du ikuspegia. Hamahiru kilometroan gure herriko historia moderno eta industriala biltzen da. Euskal Herria ontzian Iñaki Uriarte arkitektoa gidari daramagula, geografia bereziaren esangura sakonaz, ondarearen garrantziaz eta eremuaren balioaz hausnartzera behartuta gaude.
Biblo-Santurtzi
Biblo-SanturtziIñigo Azkona
Badakigu, baina gogorarazi egiten digu gidariak: ibaiko paisaiak ez dauka zerikusirik beste erreka batzuen altzoan eraikitako monumentalismoarekin, industriaren bidea egingo dugu. Sarrionandiaren berbak etorri zaizkit gogora, hau ez dela Venezia dioskularik: “Ez da Danubio deitzen, ez da Mississippia, Ibaizabal deitzen da nire sorterriko ibaia”. Gure historia hurbil eta ez hain hurbilean txangoa, milaka pertsonaren izerdiarekin altxatutako lantegien aztarnak eta harribitxiak ezagutzeko.

Mendietan burdina eta burdin horren merkataritza berehala bideratzeko itsasadarra. Horra Euskal Herriko industria gune garrantzitsuena bultzatzeko ezinbesteko osagaiak, karlistaden ostean laster baten Bizkaiko ingurune hau guztia goitik behera eraldatu zuena.

Zubietatik lantegietara

Zubien artean egindako bidea da Bilbok erakusten diguna, gutxika-gutxika geroz eta zabalago, itsasora bidean. Mareek eragiten zuten lekuraino izan zen posible nabigazioa, gaur txangoa udaletxeko zubitik hasi badugu ere. Beste sei topatuko ditugu ibaiadarrak Bizkaiko hiriburuan egiten dituen ia kilometro bietan; denetan bere burdinak du garrantzia. Laster agertu zaigu Zubizuri polemikoa, auzotarrek sarri eskatu zutena, eta ontzi handien nabigazioa lehen aldiz eten zuena.

Hurrengoak zurruntasuna ageri du estetikan: Salbeko zubia. Aitzitik, 1972ko zubi praktiko hori aski garaieraz altxatu zuten ibaiadarraren funtzio naturalarekin jarrai zezan. Gero, Bilboko portuarenak eginda, Guggenheim museoa txertatu zaio, fusio berezi eta dotorea osatuz. Ezin gauza bera esan museoaren hamargarren urteurrena ospatzeko ezarri dioten arkuaz. “Gustu txarreko pastitxe hori kendu egin beharko dugu egunen batean”, diosku Uriartek.

Industriaren heriotza eta XX. mendeko hiriaren amaiera prozesu gisa ulertu arren, data zehatza dauka Bilbon eraldaketak: 1983. Uriolak ekarri zuen ibai ertza biziberritzeko bultzada. Turistak hasi dira Abandoibarran, baina nortasunaren galera ere izan du prezioa. Deustuko zubiaren dardarek hiriko bizitasuna gogorarazten digute, eta berriz noiz zabalduko duten irudikatzen dugu, lehenago pasa dugun Arrupe aitaren zubi berriak atzera ere nabigazioa oztopatzen duen arren. Eskuin aldeko aberastasuna unibertsitatean haragiturik, beste aldera jauzi egin du berriki. Ezkerraldera doa begirada etengabe, horratik, Arte Ederretako museoa eta haren atzean Casilda Iturrizar parkea. Bilbotarren betiko eskaria, parkea itsasadarreraino hedatu zedila, merkataritza eremu erraldoiak eragotzi dio.

Hala, biziberritzea historiaren eta izaeraren kaltera izan da sarri: Biltegi Frankoa erabat birrindu zuten legez, fatxada soilik utziz; antzeko ereduak nagusitu dira gure ondare industrialean. Behinolako funtzioa galduagatik eraikinari eutsi eta baliabide berriak bilatu beharrean, eraispen eta eraikuntza enpresak puztu, eta oroimenerako gorde tximinia bat edo antzeko objektu galduren bat testuingurutik kanpo.
Deustuko zubiaren ostean dator Euskaldunakoa eta horixe bera ageri digu Euskalduna Jauregiaren ostean Carola garabiak. Lantegia edo haren hiru garabien ordez, bakarra gorde, eta publizitaterako erabili. Euskaldunako zubia gaindituta, Olabeaga, hiriko nortasun berezieneko auzoa, eta segidan Zorrotza eta Zorrotzaurre, mende osoan protagonista eta hala ere, hiriko bihotzetik hain urrun. Zabalkunde berriak hemen jarri ditu begiak, eta aurreko akatsetatik ikasiko dugulakoan, monumentalismo industrialari eustea da erronka XXI. mendeko eraldaketan. 1924ko Molinos Vascos lantegia, eta aurrez aurreko penintsulako fabrika mordoa, biharko arte gune edo bestelako enpresen txoko izan daitezke erraz asko irudimen pixka batekin.

Ibaiadarra bere handian

Bilbo utzita amaitzen dira itsasadarren zubiak, Bizkaikora iritsi artean. Gasolinoak erabili dira urtetan alde biak lotzeko, eta hala jarraitzen dute bizpahiru lekutan oraindik. Kadagoak Barakaldoko muga egiten du Talleres de Zorroza arkitektura ingeles zurrunaren beste aldean. Behinolako Sefanitro erraldoiak herri bat gordetzen du bere baitan, eta eremuaren funtzioa ezin hobeto azaltzen duen kargalekua adierazten digu gidariak. Burdinazko mendietako mea berehala zamatu eta munduan barrena eramateko gertu. Behar zuenaren begirune erdirik gabe ordea, ondare aberatsa deuseztatu dute azken urteotan.

Galindok Sestaorekin lotzen du Barakaldo, eta txangoko une gorena adierazten digu La Naval-en egiten ari diren itsasontzi eskergak. Izan zenaren itzal soil, baiki, baina ezin mutu baino geratu garabi dantzaren handitasunean. Aurrera doa ontzia, La Iberia lantegiaren lekuan Acería Compacta de Bizkaia (ACB), Benedikta dartsenaren aldamenean. Bidaia laburrak tarteka baino ez digu begirada beste aldera eramatea ahalbidetu, Erandioko lantegi eta ontziola txikiagoetara.

Itsasadarren zabaltasun betean Portugaleteko dotoreziarekin egin dugu topo, Andra Mari elizak eta udaletxeak agerian, eta txangoaren erremate paregabearekin bidenabar: Bizkaiko Zubia. Transbordadorea da zubia baino, baina semantikaz harago, burdinaren adierazpide bikainena Bilbotik mundura bidean, edo mundutik Bilborantz sartzen datozenentzat. Mundu osoan hemeretzi baino ez ziren egin, eta zazpik diraute zutik, hauxe da ondoen gorde eta lanean 24 orduz jarraitzen duen bakarra.

Itsasadarra Abrara isurtzeko amaiera bikain horrek beste laguntzaile batzuk ditu: eskuin aldean Evaristo Churrucaren eskultura ageri zaigu. Churrucaren garrantzia, horratik, bide osoan eta Abrako irekiera honetan ageri zaigu: hareazko barra gainditzeko drainatze sistemak eta ibaiadarreko gainontzeko obra nagusiak ingeniari nafarraren eskutik iritsi ziren.

Santurtzi da helmuga, non eta txangoa ez dugun atzera Bilborantz egiten itsasadarrean. Ibilguaren atzerako bidearen patxadan, burdinaren eta ibaiaren ezkontzak Euskal Herriko historiako pasarte garrantzitsuenetakoak hobeto behatzeko parada eman digu.

ASTEKARIA
2009ko martxoaren 22a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
#5
Maite Díaz de Heredia Ruiz de Arbulo
Azoka
Azkenak
2024-04-23 | Euskal Irratiak
Indarrak biltzeko eguna antolatu du Erdiz Bizirik-ek Elizondon

Erdizko meategiaren kontrako plataforma herritarrak aldarrikapen eta besta eguna antolatu du joan den larunbatean Elizondon. Heldu diren asteetan epaiketa ukanen dute Magnesitas Navarra enpresaren kontra. Hain zuzen, auziak eraginen dituen gastuei buru egiteko sustengu... [+]


2024-04-23 | ARGIA
Instagram da EAEko gazteen sare sozial gustukoena

TikTok eta BeReal dira azken urteotan gehien hazi diren sare sozialak. Gazteen artean, %40ak esan du euskara ere erabiltzen duela. Gaztelania 97,9ak erabiltzen du, eta ingelesa %62,4ak. Datuok Gazteen Euskal Behatokiak egindako Gazteak eta sare sozialak. Euskadiko gazteen... [+]


Oskar Zapata (Topagunea)
"Euskarak aurrera egin dezan aliatu berriak behar ditugu"

Nafarroa Garaian euskararen aldeko jarrera gero eta handiagoa izan dadin ildo diskurtsibo berriak proposatu ditu Euskaltzaleon Topaguneak


2024-04-23 | Gedar
Berriz lortu dute Berangoko Otxantegi Herri Lurren hustea geratzea

Apirilaren 18rako zegoen ezarrita desalojoa, eta lurrak defendatzeko asmoz bertaratu ziren hainbat pertsona. Ertzaintza, baina, ez zen joan, eta auzitegiek jakinarazi dute atzeratu egin dutela huste saiakera. Desalojoa gelditzea lortzen duten bigarren aldia da.


Eguneraketa berriak daude