argia.eus
INPRIMATU
Aupa gu eta gutarrak!
Xipri Arbelbide 2013ko maiatzaren 02a
Xipri Arbelbide
Dani Blanco
Aupa gu eta gutarrak! Bai, irabazi dugu! Ez urrezko domina baina diamantezkoa! Zinez munduko hoberenak gara. Beste nehon, nehoiz, nehork lortu ez duena lortu dugu. Gehiengoa daukagularik, abertzale ez direnei eman diegu boterea, izan daitekeen artista hoberenak ederki zizelkatu urrezko platera batetan.
 
Hirukoa egiten zuten alderdiek, Aralarrekin, 531.000 boto bildu dute. Espainolak urruti dabiltza 481.000ekin. 626.000 ukanen genituen D3M jokoan sartu izan balitz, baina nahiago izan du jokotik kanpo gelditu, ezinez eta erran, joko demokratikoa baizik ez zuela onartzen. Hegoaldea Espainiaren meneko ez balitz bezala eta Iparraldea Frantziaren. Haiek finkatu bideetarik pasatu behar dugu on bazaigu ala ez. Zergatik egin hola ez balitz bezala?
 
D’Hont legea ere hor dago. Badakigu. Baina jo aitzina. Abertzaleok nahiago izan dugu bakoitzak gure alde aurkeztu, hain da handia gure artean ezinjasana, intolerantzia. Gure indarrak lau alderditan zatiturik izanez, galdu dugu. Haiek bi ziren. Hobenduna ez da D’Hont legea, baina gu. Bestela jokatu bagina, D’Hont legea izanagatik, irabaziko genuen.
 
Bagenekien zer zen jokoan. Ikusten dugu egun oroz zer ematen duen Nafarroan, sozialisten eta nabarristen batasunak. Hizkuntza politika da beren akordioaren ardatza. Haiek garbi daukate zer nahi duten. Horra zer irabazi dugun. Horretara eraman gaituen aukera, jakinean egin ondoan. Bai! Hori da lortu nahi genuena. Eta lortu dugu! Nafarroan ikusten dugun politika bera jasanen du Euskal Herri osoak.
 
Ez da dudarik hirukoak euskarari buruz zeraman politikak ezer ez zuela balio. Hemendik hara izanen dugun politika berria askoz ere hobea izanen dela. Euskararen alde askoz ere gehiago eginen duela PPk, nork duda?
 
Iparralde gaixo honetan AEK, Seaska, irrati eta bestek eskuratzen baitzuten laguntza bat zein baliosa, akabo orain. Sortzera zihoazen hiru ikastolak, ez dira sortuko. Oraingoek ez dute klase berririk irekiko. Zenbait hetsiko hain segur. Baina horrela hobe. Borrokatzeko aitzakiak izanen ditugu. Euskarak leher egiten badu, zer munta du, borrokatzen ahal bagara?
 
Aipatua izan da jeltzale eta sozialisten akordio bat. Entzun ditut goi mailako abertzale garbi, bero, sutsu bezain suharrak, haserre gorrian: “EAJ ez ahal da sozialistekin joanen!”. Lasai jaunak! Ez da horrelakorik gertatuko. Lasai! Guttiengoa daukaten espainolek, PP eta PSEkoek, manatuko dute. Guri esker. Madrilek batere Estatu kolperik egin gabe. Zinezko abertzale handien zorionerako.