argia.eus
INPRIMATU
PSE-PP uztarria, soberanismoaren aukera berri bat
Xabier Letona Biteri @xletona 2013ko maiatzaren 06a
Antonio Basagoiti
Antonio BasagoitiDiego Crespo / Partido Popular
Aldaketa badator bai, hori da denak adierazten duena, nahiz eta gobernu osaketa kontuetan azken unera arte ez dagoen dena gauzatutzat jotzerik. Baina bai, PSE-EEren Ajuria Enearekiko grina oso agerikoa da eta normala gainera alderdi politiko batentzat, areago 30 urtetako egarri itogarria asetzeko aukera duenean.

Sistemaren ezaugarriak kontuan hartuta, zilegitasunaz gauza gutxi dago esateko, 38 eserleku bereganatzeko aukera duenak eskura du lehendakaritza eta listo. Defizit demokratikoa hori baino askoz larriagoa da, eta hainbeste azpimarratu den D3Mren legez kanporatzetik dator. Damoklesen ezpata hori etengabe izango du bere gain Legebiltzar berriak, beste erakunde askok duten moduan. Baina erakunde horiek jardunean ari dira –hori ere ez luke ahaztu behar legez kanporatutako ezker abertzaleak– baita bera nagusi den horiek ere.

Aldaketa, beraz, gauzatu egingo bide da, eta berau sostengatzen dutenak kontuan hartuta, arazo franko aurreikus daitezke datorren legealdirako.

Baina horrenbeste? Ba baietz pentsa liteke, funtsean espainiar nazionalismoa da Lakua kontrolatuko duena eta hori ez da oharkabean iragango. Odon Elorzak Donostia gidatu duen moldetik urruti izan behar du ezinbestean, urte pare bat iraun nahi badu bederen.

Baina legealdiaren gogortasunaren giltza EAJren esku egongo da, hark erabaki beharko baitu, erruki gabeko oposizioa edo gobernagarritasuna. Lehen aukerak beste erakunde asko lokaztuko ditu, bigarrenak seguruenik EAJren eta PSEren arteko etorkizuneko elkarlana presta dezake; hori baita EAJk bilatzen duena eta, dirudienez, epe ertainera PSEk ere bai. Hori bai, biek lehendakaritza kontrolpean nahi. Eta PSErentzat, orain garrantzitsuagoa da lehendakaritza hartu eta EAJ makurrarazi, gobernagarritasunaz jardutea baino.

PPren eskuetan bada Patxi Lopez, zalantza barik, baina batez ere EAJren eskuetan izango da, honen oposizio moldeak behartuko baitu PPtik lotuago edo askeago jokatzen. Jeltzaleek “urik ere ez” badiote, PSEren espainiar zaletasuna areago nabarmenduko da; jeltzaleek, beren izaerari men egin eta gobernagarritasuna samurtzen badute, PSEk lasaiago aldarrikatuko du denentzat gobernatzen duela.

Abertzaletasunaren erronkei begira, dena den, desafio garrantzitsuagoak dira Eusko Legebiltzarretik at barruan baino. Batetik, PSOE buru, Madrilek abertzaletasunaren zati garrantzitsu bat handik kanpo utzi duelako, eta sektore hori giltzarri delako edozelako burujabetza ibilbidetan.

EAk polo soberanistaren alde egindako ahaleginak porrota jaso du hauteskunde hauetan, baina autodeterminazioaren aldeko eragileak oso indartsuak dira euskal gizartean eta hala ikusiko da horretarako ubide politikoa antolatzen denean.
Batasuna, Aralar, EA, EAJ eta EBko sektoreak, ELA eta LAB buru duen euskal sindikalgintzaren gehiengoa, alderdikeriak uxatzen dituen populazioaren sektore ugari... Humus indartsua dago lur azpian, egoki nork jorratuko zain. Beste kontua da aipatutako eragileen artean behar besteko eskuzabaltasunik izango den ubide hori sortu eta garatzeko.
Inozoenak ere badaki zein den bide horren arrakastarako lehen baldintza, baina inozoenak ere badaki baldintzez jardutea bidea ixteko modurik egokiena dela. Aspaldi ez da blindaje kontuei buruz entzuten eta polo soberanista ospetsuak berea egingo badu, blindajerik sendoena beharko du, leku askotatik egingo baitzaio tiro. Ubidean ur haritxo bat bada jadanik eta PSE-PPren uztarri berriak –azkenean gauzatzen bada–, berau sendotzeko aukera guztiak dakartza bere baitan. Jende asko dago zain, eragile burujabe zaleen esku da aukera berri hau txukun elikatzea edo berriz etsipenaren putzuan murgilaraztea.

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei buruzko informazio gehiago gune berezian.