argia.eus
INPRIMATU
Petrolio amaigabea
Luis Alberto, 'Amatiño' Aranberri 2009ko martxoaren 15
Amatiño
Begoñak berrogei urte daramatza petrolio-sektorean eta laster erretiratzekotan dago. Orain dela hogeiren bat urte aurreratu zioten ez zuela bertan jubilatzerik izango, petrolioa dezente lehenago ahituko zelakoan. Baina, honez gero, bera lehenago etxeratuko da petrolioa bururatu baino. Hain zuzen, zenbait adituk dioenez, oraindik ere barrena beste berrogei urterako erreserbak geratzen omen dira... egungo teknologiaz.
 
Bada esaten duenik, ordea, petrolioa ez dela sekula santan amaituko. Edo, Yamani jekeak duela edozenbat urte argi asko adierazi bezala: “Harri Aroa ez zen amaitu harriak bukatu zirelako eta petrolio-aroa ez da amaituko petrolioa bukatuko delako”.
 
Bai, azken belaunaldi biak kontrakoa esaten aritu izan diren arren, petrolioak betikoz iraungo du. Gizakiak ez dio petrolioa erabiltzeari utziko petrolioa agortuko delako, beste hainbat energia-mota berriagoak, garbiagoak, aproposagoak eta, baita merkeagoak ere, aurkituko direlako baizik. Harriekin gertatu zen legez.